"Kukutza gaztetxeari, arima errebeldeei…"

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Azkarate 2011ko ira. 26a, 02:00

Esnatu bezain pronto, lehen notizia izan da, Kukutza gaztetxea desalojatzen ari dira.

Goizeko 5etan hasi omen dira eta oraindik ez dute lortu. Arima errebeldeak bizirik, nonbait, ezkutatuta.

Duela pare bat urte egon nintzen bertan, malabarren topaketa baten, umeekin joan ginen. Ikaragarria zen hango mugimendua, hango antolaketa. Urte luze hauetan, auzoan sortu duten alternatiba horizontal, sortzaile eta dinamizatzaile hau miresgarria dela deritzot. Arima pila txiki askok sortu dute Kukutza, gazte eta ez hain gazte, momentu gogorrak gaindituz, eztabaidatuz, elkarrekin hasiz, aldatuz.

Tailer pila bat zeuden bertan: mekanika, okintza, liburutegia, antzerkia, malabarrak, trapezioa, ekilibrioak, hizkuntzak, musika…

Egunero, bazkaltzen ematen zuten, oso prezio eskuragarrian. Bigarren eskuko arropak zeuden bertan, behar zituenak hartzeko.

Espazio aske bat, non ez daukazun zergatik kontsumitu, non dirua ez den xedea, non ametsak gauzatu, non ideiak moldeatu, non sistema kuestionatu, non kapitalismoak ez zuen lekurik, non sistema patriarkala hautsi...

Eta orain zer? Ba, arima errebeldeek beste habia bat aurkituko dute eta sorkuntzak jarraituko du, beste leku baten, Kukutzan sortu den haziak fruitu ederrak eman dituelako.

Gazte eta ez hain gazte, eutsi goiari, ametsak ez dizkigute-eta zapuztuko.

Indarrak bidali nahi dizkizuegu, mendi puntatik, gu ere duela urte asko, ordu hauetan, gaztetxe bat defendatzen ari ginelako eta oraindik arima errebelde zantzu txiki bat daukagulako barnean.

-----------------------------

Idoia Azkarate
Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak