Idoia Azkarate: "AHTrik ez!"

Erabiltzailearen aurpegia

Gelditu dezatela bortizkeria hori, arren!

Antzuola aldeko mendirantz begiratzen dudanean ezin dut saihestu, bihotzak buelta ematen dit egiten ari diren txikizioa ikusita. Nola leike lehentasunezko inbertsioa izatea Abiadura Handiko Trena? Nola leike obra honetan hainbeste diru gastatu, mendia gupidarik gabe apurtu, gizartea murgilduta dagoen egoera delikatua kontuan hartuta? Eta bideratutako diruaren zenbatekoa desbideratuko da batzuen poltsikora?

Inpotentzia itzela sentitzen dut gupidarik gabeko sasi-politikarien eskuetan gaudela ikusita. Azken finean, beraiei bost axola zaie natura, bost axola etorkizuna, bost axola gu. Agintetik pasatzen diren urteetan poltsikoak majo beteko dituzte, neurrigabeko soldatak kobratuaz. Herriaren   izenean kapitala sendotuz. Kritika dut sistemarentzat, politikarientzat, kapitalismoarentzat... eta baita guretzat ere. Aulki erosoan eseri garen gizarteari. Inongo behatzik mugitzen ez dugulako pairatzen ditugun milaka injustizien aurrean (salbuespen txalogarri batzuk kenduta). Gezurretako ongizate petatxatuan apoltronatu garelako.

Naturaren bortxaketa etengabe hau gelditu dadila behingoz. Ez dut obra suntsitzaile gehiago nahi. Moldatu gaitezen daukagunarekin. Madrilera joan nahi duenak hartu dezala autobusa. Abiadura handiek ez baikaituzte bide onetik eramango.

Aurrera joateko atzera egin beharko dugulakoan nago; bestela, pum! egingo du egunen batean. Dagoeneko berandu ez ote gabiltzan... Behin eta mila aldiz, AHTrik ez!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.