Izaro Arizabaleta (Bergara): "Hezkuntza planaren ustelkeriak"

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Arizabaleta 2011ko mar. 12a, 01:00

Honezkero ezaguna egingo zaigu EAEn dugun gobernu inposatzaile honek dituen helburuak hezkuntzarako...

... baina guztia al dakigu ala bakarrik beraiei komeni zaiena?

Lehenengo eredu "hirueleduna" ezarri nahi digute; hau da, %20 ingelesez, %20 euskaraz, %20 gazteleraz eta gelditzen zaigun %40an hiru hizkuntzetako bat aukeratzeko aukera ematen digu. Era honetan, gehienez %60 izango genuke euskaraz, gaur egungo B ereduan bezala (esan beharra dago B ereduan hiru ikasletik bakarra euskalduntzen dela). Eskoletan inposatu nahi diguten "trilinguismoa" saltzen ari dira "ikasleek hiru hizkuntza ikasiko dituzte" bezala, eta hori sinetsi behar dugu? Gure ustez, hizkuntza bakarra menperatuko du ikasleak eredu berri honekin, eta guztiok dakigu gaztelera izango dela.

Beste alde batetik, eta jadanik jasaten ari garen beste kontu bat, "Euskal Herria"-ren debekua ere bada, gure nortasuna adierazten duen hitz hau eskoletan desagertu nahian dabiltza, baita zazpi lurraldeek osatzen duten mapa ere. Euskal Herriaren izaera nazionala eta politikoa desitxuratuz, hizkuntzaz haratagoko egiturarik, batasunik, nortasunik edo sentipenik ez balu bezala.

Azkenik, aipatu nahiko genukeen beste kontu bat bake plana da, edo, zehatzago esanda, gure artean bizi diren biktimak eskoletara eramatea beraien sufrimendua azaltzera hitzaldi bitartez; puntu horretaraino ados gaude. Baina ez duguna ulertzen da alde bateko biktimak bakarrik eramatea eskoletara; guztiok jakingo dugu honezkero nortzuk diren hauek, baina ze pasatzen da ehunka kilometro egin behar dituztenekin beraien senide edo lagunekin minutu batzuk egoteko, edota beraien etxeetatik ehunka kilometrora egon behar duten herritar guztiekin, torturatuak izan diren guztiekin eta gizonezkoen indarkeria jasan duten emakume guztiekin, hauek ez al dira biktimak? Argi erakutsi digute gaur egungo gobernu ustelak hartutako erabaki politikoa dela hau.

Beraz, honen aurrean, herritarroi ondo informatzea eskatzen dizuegu eta gure hitza ez ezkutatzea. Hezkuntza euskaldun baten alde borrokan jarraituko dugu!

---------------------------------------------------------------

Izaro Arizabaleta

(Bergarako Ikasle Abertzaleak)

(Bergara)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak