Esker ona

Erabiltzailearen aurpegia

Abenduaren 19an gure ama Pilar Martinez Abarrategi joan zitzaigun. Bizitzaren azken uneak etxean pasa zituen, lasai, goxo, gu geu, bere senideok, ondoan zituela, maitasun, babes eta berotasun giroan. Hutsune handia utzi digu benetan.

Hori guztiori, neurri handi batean, posible izan da Arrasateko osasun zerbitzuetako profesionalen laguntzagatik. Bereziki aipatu nahi ditugu Tirso Sagarminaga lehen mailako arreta zerbitzuko medikua eta Felix Garcia zerbitzu bereko erizaina. Zenbat bisita etxera! Gure amak izan dituen osasun arazo guztien aurrean erakutsi duten profesionaltasun, gertutasun eta begirunea benetan eskertzekoa da. Ez bakarrik amarekiko, familia guztiarekiko baizik.

Debagoieneko ospitalean ingresatuta egon zen denboran, plantako ekipo osoari eskerrak eman nahi dizkiogu, bertan jaso duen tratua oso egokia izan delako.

Azkenik, heriotza iritsi aurreneko egunetan, Etxeko Ospitalizazioko ekipoaren ekarpena jaso dugu. Gure etxera gerturatu diren profesional guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu; bereziki, Jesus medikuari eta Ariane erizainari. Hasieratik bukaerara arte arreta ezin hobea izan du amak, batetik, eta inguruko senide guztiek, bestetik. Amaren eta etxekoen nortasunak ezagutuz, goxotasuna eta enpatia erakutsiz, aholkuak emanez, gu lasaitzen ahaleginduz, azken bidaia modu duin eta lasaian egin zezan lagunduz.

Bihotz-bihotzez mila esker guztiei.

----------

Itziar Aranburu

Pilar Martinez Abarrategiren senideen izenean

Arrasate

GOIENA KLUBEKO BAZKIDETZA %30 MERKEAGO

Goiena Komunikazio Taldeko hedabideek lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena dute. Ondorioz, Goiena Klubeko bazkide baldin bazara zerga onurak ezarriko zaizkizu Goienari egin diozun ekarpenarengatik.

Goiena Klubeko bazkidetza kuota %30 merkatuko zaizu errenta aitorpena egiterakoan.

BAZKIDE EGITEKO, DEI EGIGUZU: 943 25 05 05 edo egin klik hemen.


Zerga onurak izateko datuak bete