Ixabel Agirresarobe: "Zer moduz, guraso hori?"

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Agirresarobe 2011ko api. 9a, 02:00

Ni hiru semeren ama naiz, gurasoa alegia, eta beste guraso batzuei laguntza eskatzen dizuet galdera bati erantzuna emateko.

Denok dakigu ez dela bide erraza gure seme-alaben heziketa.

Beraien etorkizuna gure eguneroko borroka da eta horrexegatik asko  arduratzen gaitu eguneroko zereginak.

Esate baterako: eskolako lanak, bertako eta etxeko jarrera, aisialdia...

Hamaika amorrazio, neke eta kezka izaten ditugu, baina emaitza onak ere jasotzen ditugu.

Beraz, borroka honek merezi duela ados gaude, ezta?

Badaude beste zeregin batzuk, non ez den inoiz borroka bat izan.

Gure haurrak gaur egunekoak esan nahi dut, jaio orduko zaborraren arazoa ez dute arazo ikusten.

Badakite zein edukiontzitan bota zabor bakoitza eta gure herrian atez ateko sistema martxan jarri denetik, zer esanik ez.

Berdin du zein lagunen etxera joaten diren, denek berdin bereizten baitute.

Aitona-amonen etxean ere berdin.

Izan ere, gustua ematen dit nire semeek zein erraz egiten duten zeregin hau ikusteak.

Badakite etxeko erosketak egiterakoan etxetik poltsa eramanez gero zabor gutxiago sortzen dutela.

Badakite, baita ere, ogia erosterakoan bere zorroa eraman behar dutela eta ikusten naute arraina edo okela erostera joaten naizenean fianbrera bat eramaten dudala eta arrain usainik ez dela geratzen etxeko zaborretan.

Hala, gure etxean zaborra geroz eta gutxiago osatzen zaigu.

Horixe da, baita ere, gure helburua.

Baina, ordea, erraustegi bat jartzen bada, erregaia beharko du funtzionatzeko; hau da, zaborra, bestela ez dauka-eta izateko   arrazoirik.

Orduan, zer esan behar diet nire semeei, ez bereizteko zaborra horren txukun?

Ez kezkatzeko erosketak egiterakoan zenbat plastikozko poltsa behar ditugun?

Zaborra sortu egin behar dela?

Ez al da hobe zaborra murriztea eta osasuna zaintzea?

--------------------------------

Ixabel Agirresarobe
(Usurbilgo ama bat)
Usurbil

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak