Urriaren 8an bertan izan ginen, urtarrilaren 7an ere bertan izango gara!

Erabiltzailearen aurpegia

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu, eta zorionak! Zorionak, Debagoiena! Batetik, urte hauetan guztietan euskal presoen euskal herriratzea egia bihurtzen hasi dadin egindako lan guztiagatik, eta, bestetik, Sarek antolatutako ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeagatik. Zuei esker iritsi gara honaino.

Urriaren 8an Donostian, milaka eta milaka herritar batu ginen, Izan Bidea dinamikaren baitako azken kilometroak osatu eta eginiko bideak ekarritako lorpenak balioan jartzeko. Debagoienetik ere dozenaka lagun gerturatu ginen, lehenik, Donostiako kaleak koloreztatzera, eta, ondoren, Ilunbeko jaialdira. Aldarria eta festa batuz, bultzada itzela eman genion guztion artean aurrera begira egiteke dugun bideari.

Orain, erronka berri baten aurrean gaude! Urriaren 8an bildutako indarrak hartu eta urtarrilaren 7ra begira jarriak gara. Izan ere, urte garrantzitsu baten hasieran kokatzen da aurtengo urtarrileko mobilizazioa; euskal presoen gehiengo zabala Euskal Herrian delarik amaituko dugu urtea. Egoera berri honek poza sorrarazten digu, eta baita herri aktibazioaren eta kale aldarrikapenaren garrantzia eta balioa erakutsi ere. Horregatik, eta oraindik bidea egiteke geratzen zaigulako, urtarrilaren 7an Bilbon izatera gonbidatu nahi ditugu Debagoieneko herritar guztiak.

Bi urteren ostean, aurten berriro ere Bilbon elkartuko gara guztiok, oraindik ere bidea baitugu egiteke. Euskal Herriratzeak urrats garrantzitsua izan arren, euskal presoek oraindik ere etxeratze prozesua gauzatzeko traba eta oztopo ugari jasaten dituzte salbuespen legediaren ondorioz. Horren adibide dira gradu progresioen aurrean fiskaltza eta Auzitegi Nazionala izaten ari diren jarrera atzerakoia. Hori hala, lanean jarraitzeko beharra ezinbestekoa dela uste dugu, euskal presoek ere dagokien etxeratze prozesua normaltasunez gauzatzeko unea baita.

Erronka berri honi guztiok batera ekin nahi diogu eta Debagoienean ere horretarako lanean jarraituko dugu datozen aste eta hilabeteetan. Gutun honen bitartez, debagoienar guztioi gurekin bat egin eta herrian antolatuko ditugun ekimenetan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu, eta, nola ez, urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzeko gonbita luzatu.

----------

Garazi Azkarate Arrizabalaga
 
Sare Arrasateren izenean
 
Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.