Irunberrin izan ginen zapatuan

Erabiltzailearen aurpegia
Ekainerako antolatu dugun egitarauaren barruan, lehen ekintza egin genuen zapatuan: Irunberrira irteera. Andoain, Iruñea eta Oñatitik joandako 60 lagun inguru elkartu ginen bertan. Mendi martxa polita egin genuen, eta Txemi Gorostiza eta German Rubenach-en azalpenak entzuteko aukera izan genuen.

Duela 25 urte hil ziren Susana Arregi oñatiarra eta Jon Lizarralde andoaindarra Irunberrin, Guardia Zibilaren ordu askotako setioaren ondoren, eta larriki zauritu zen German Rubenach iruindarra Guardia Zibilarekin izandako tiroketan.

25 urte beranduago, baina, asko dira zalantzak. Oraindik ez dakigu ziurtasunez han zer gertatu zen, eta garai hartako bertsio ofizialak argi-ilun asko ditu. Bada, zapatuan, Irunberrira egin genuen irteeran, gertakizunen gaineko azalpenak jasotzeko aukera izan genuen Txemi Gorostiza eta German Rubenachen eskutik. Gertakizunen xehetasunak eman zituzten eta baita kasuan izan ziren gorabeherak azaldu. 

Mendi martxa

Goizeko 10:00etan elkartu ginen Irunberriko arroilan mendi martxarako. Oñati, Andoain, Iruñea eta Irunberriko 60 lagun inguru elkartu ginen denera.

Lehenik, arroilaren goialdera egin genuen ibilaldia. Goitik arroila guztia ikusteko aukera izan genuen; eta, era berean, argi geratu zitzaigun ETAko kideek setio hartatik irteteko zailtasun handiak izango zituztela. Hain zuzen, hantxe eman zuen Gorostiza abokatuak lehen azalpena eta horixe azaltzen saiatu zen. Horrez gain, hitz egin zuen honakoaz ere: duela 25 urte Guardia Zibilak erabili zituen bitartekoez edo garai hartako testuinguruaz. Ondoren, beherako bidea hartu genuen, Irati ibaiaren ertzera iritsi arte. Bertan azalpen gehiago eman zituen abokatuak. Gorpuak zein puntutan aurkitu zituzten ikusteko aukera ere izan genuen. Oso kontakizun interesgarria izan zen, eta bertsio ofiziala kolokan jartzen duten datu ugari ere eman zituen. Behin bisita bukatuta, hamaiketako ederraz gozatzeko aukera izan genuen. Eskerrak eman behar dizkiegu Irunberriko lagunei.

Ekainaren 24an, hitzaldia

Zapatuan Irunberrira joateko aukerarik izan ez zenutenok, baduzue beste aukera bat ekainaren 24an. Izan ere, hitzaldia antolatu dugu egun horretarako, eta Txemi Gorostiza eta German Rubenach izango dira hizlariak. Irunberriko arroilan zer gertatu zen azaltzen saiatuko dira. Garai hartako testuinguru politiko eta historikoaz ere jardungo dira, horrek berebiziko garrantzia du-eta gertaera hura ulertzerako orduan. Hitzaldia Oñatiko kultura etxeko zinema aretoan izango da 19:00etan. 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.