Egia jakiteko eskubidea

Erabiltzailearen aurpegia
Ekainean beteko dira 25 urte Susana Arregi oñatiarra eta Jon Lizarralde andoaindarra hilda agertu zirela Irunberrin, Guardia Zibilaren ordu askotako setioaren ondoren. Bada, martxoaren 24a Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna izanik, mozioa aurkeztuko dugu hil honetako osoko bilkuran (martxoak 26).

Aurtengo ekainean beteko da Nafarroako parajerik ederrenetakoan gertatu zen jazoera lazgarriaren 25. urteurrena. Zehazki, 1990eko ekainaren 25ean Irunberriko arroilan gure herriarentzat ahaztezina den zorigaiztoko gertakizun bat suertatu zen: Susana Arregi oñatiarra eta Jon Lizarralde andoaindarra hilda agertu ziren, Guardia Zibilaren ordu askotako setioaren ondoren.

Egun eta leku hartan pasatutakoaren xehetasunak Guardia Zibilak bakarrik dakizki. Garai hartako Barne Ministerioak eman zuen bertsio ofiziala bere buruaz beste egin zutela izan zen, ETAko militanteen artean “ohiko praktika” zela adieraziz. Bertsio hau, agian, Espainian baliogarria izango zen; ez, ordea, Euskal Herrian. Gure herria, zoritxarrez, era honetako bertsio ofizialak entzuten oso ohituta baitago.

Bada, hogeita bost urte igaro dira eta oraindik ez da argitu han jazotakoa. Asko dira argi-ilunak, eta uste dugu beharrezkoa dela zalantza guztiak uxatzea. Gertaera hura, gure herriko historia hurbilaren parte da eta ezin dugu ahaztu. Hala, beharrezkoa iruditzen zaigu memoria egin eta gure ondorengoei han gertatutakoa jakinaraztea. Gainera, gure herrian normalizazio politikoaren eztabaida eta gatazkaren gainditze demokratikoa irekita daudenean, pentsatzen dugu beharrezkoa dela orduko egia osoa jakitea. Bizikidetzarako ezinbesteko urrats bezala ikusten dugu.

Horregatik, eta martxoaren 24a Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna delako, Oñatiko Euskal Memoria taldeko kideok mozio bat sartuko dugu hil honetako osoko bilkuran, martxoaren 26an. Udalbatzako kideei honako eskaria egingo diegu: Irunberrin gertatutakoa erabat argitzeko, eska diezaietela beharrezkoa den informazio guztia Guardia Zibilari nahiz Espainiako Gobernuaren Ordezkariari.

Bestalde, ekainerako hainbat ekintza antolatu ditugu, besteak beste, hitzaldiak eta erakusketa. Emango dizuegu horien berri aurrerago. Ekintza sorta honen helburua da orain 25 urte Irunberrin gertatutakoa ez ahaztea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.