Gogora etorri ahala

Erabiltzailearen aurpegia

Norbera da norberaren etsai handiena, norbera da norberari exijitzen diona, norbera da norberari nora heldu edo zer lortu nahi duen esaten diona. Gu gara gure mugak, gure oztopoak, gure hesiak jartzen garenak. Beldurra izan daiteke, agian, hitza, bai. Zer esango duten, zer pentsatuko duten, zer irudituko zaien; lagunei, familiari, ezagunei, ezezagunei... Askotan, horrela izaten da, gu izaten gara gure etsai nagusiak gauza berrien aurrean.

Batzuetan, berekoiak izan behar gara, zergatik ez? Mundura ekarri gintuzten zoriontsu izateko, bizitza bizitzeko eta arazoak alde batera utziz gugan sinistu eta egunerokotasuna bizitzeko.

Ahaztu eta sentitu, sentitzen duzuna bizi, eta bizi duzuna zuk aukeratu. Horrela beharko litzateke, nahiz eta, askotan, korapiloa askatzeko gai ez garen.

Eta, agian, nik ere ez dakit zergatik idazten dudan hau, nire herrian argitaratuko den egunkari batean, baina hala burura etorri eta barrena askatu dut, eta bakoitzak nahi duena pentsa dezala.