Tamalez, gizonezkoentzako herria oraindik...

Erabiltzailearen aurpegia

Mugimendu feministaren aspaldiko hausnarketa da udaleko batzorde guztietan egiten diren proposamen guztiak berdintasun begirada batetik aztertzea. Genero berdintasuna zeharkako gaia izanik, ezinbestekotzat jotzen dugu, adibidez, Hirigintzan ikuspuntu hori txertatzea.

Horregatik, harriduraz irakurri dugu Ibon Arrupe Arrasateko Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasun batzordeburuaren Gizonezkoen herriak artikulua. Ez da erronka txikia, berak dioen bezala mendeetan zehar hiriak gizonen eta eliteen ikuspegitik eraiki izan baitira. Horregatik, herriaren egiturak iraultzeko proposamen ausartak behar direla uste dugu. Aditu asko dira hirigintza eta arkitektura genero berdintasunaren ikuspegitik garatzen dabiltzanak azken urteetan, hautua egin duten udalerriekin elkarlanean.

Gai honek plan estrategiko integral bat eskatzen du, gure ustez; adituekin, herriko emakumeekin, bizilagunekin eta eragileekin azterketa sakona, alegia. Guk dakigula, egungo udal gobernuak ez du horrelako planik martxan jarri. Lerro hauen bidez, prestutasuna adierazten dugu plan estrategiko bat existituko balitz edo egin nahi balute, geure ekarpenak egin eta planaren barruan helburuak zehaztu eta lehentasunak identifikatzen hasteko.

Hirigintza proiektu berriak martxan jartzen badira, horietan genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Ibonek aipatutako Ekobulebar izeneko proiektuan genero ikuspegitik azterketa seriorik egin ote duten ere ez dugu ezagutzen.

Beraz, Hirigintza genero ikuspegitik nola jorratu nahi duten eta Ekobulebar proiektuaren baitan egindako genero azterketaren berri izateko, mugimendu feministako kideok udal gobernuarekin eta Ibon Arruperekin elkartzea eskertuko genuke.

Azterketa zintzorik ez balego, Grupo San Juaneko bizilagunak supremazista matxistatzat jotzea oso larria litzateke; eta baita feminismoa eta genero berdintasuna norberaren interes alderdikoien bandera gisa erabiltzea.

----------

Eneritz Ugalde Baraiazarra eta Lide Galdos Balanzategi

Arrasateko Emakumeen Mundu Martxaren eta Arrasateko Bilgune Feministaren izenean

Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.