Haserrea eta kezka

Erabiltzailearen aurpegia

Ikasle Abertzaleak taldeak Arizmendi Ikastolaren aurkako manifestazio nazionala deitu duen honetan, gure kezka eta haserrea adierazi nahi dugu.

Greba araudia aldatzearena Ikastolaren aurka egiteko aitzakia da. Ikasturte hasieran, greba araudiaren lanketa lehentasun moduan jarri zuen Bigarren Hezkuntzako zuzendaritzak. Gela bakoitzeko ikasle ordezkariek, bi irakaslerekin batera, bilerei ekin zieten. Bileren helburua araudiko puntuen inguruan hausnarketa egin eta aldaketak proposatzea da, ondoren, ordezkariek beraien geletan proposamenaren kontrastea egiteko. Batzorde honen ateak beti egon izan dira zabalik arautegiaren aldaketan parte aktibo izan nahi duen ororentzat. Prozesu parte hartzailea; eta ikasleak, aldaketaren protagonista. Ezin dugu ulertu beraien lana eta gaitasuna gutxiestea. Kanpotik, inork, egin behar dutena inposatzea. Greba araudia aldatzeko prozesua abian da eta ikasleak dira ahots garrantzitsua, gure hezkuntza komunitatearekin adostasunean. Horregatik defendatzen dugu Arizmendi Ikastolan martxan jarri dugun prozesu hau.

Ikastolak izan gara euskal hezkuntza asmatu, garatu eta zabaldu dugunok Euskal Herri osoan, Aturritik Ebroraino. Hau euskal herritar askoren beharra izan da betidanik; herritarrok izan gara sortzaile eta kudeatzaile lehen ikastola sortu zenetik. Arizmendi bera kooperatiba integrala da, eta, langile eta familia bazkideez gain, kolaboratzaile bazkideak ere baditu, 700 bat herritar dira Arizmendi Ikastolaren proiektuan sinesten duten bazkide kolaboratzaileak. Honek gure hezkuntza komunitatea 5.000 pertsona ingurukoa izatera darama, antolaketa autoeratuarekin. Herrigintzatik sortuak eta herrigintzan ekinez dihardugu; beraz, ez dugu inondik inora onartzen IAk bere adierazpenetan diskurtso kapitalistaren inguruan aipatzen dituen gezurrak, gure ikastola etsai modura lerrokatuz. Ezta zenbait adierazpen egiteko erabili dituen moduak ere. Gure lanarekin eta gure ikasleekin harro gaude eta Arizmendi Ikastola osatzen dugun guztiok proiektu sendoa egiten ari garela uste dugu herri, bailara eta Euskal Herriarentzat. Arizmendi Ikastola, beste batzuen artean, gizarte eraldaketarako elementu klabea da bailaran, eta bertako partaideok pertsona aske, burujabe, arduratsu, ekintzaile eta euskaldunak garatzeko beharrezkoak diren antolaketa eta testuinguru pedagogikoak sortzen dihardugu. Hori da gure xedea, ez besterik.

----------

Illart Azkarate, Eider Zumalde, Iñaki Gonzalez, Amaia Arrieta, Aritz Oyanguren, Amaia Idigoras, Eneritz Urrutia, Beñat Irazabal eta Eli Berridi

Arizmendi Ikastolako irakasleak

Debagoiena

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.