Etxez etxekoen greba amaitu da, baina lana dugu aurretik

Erabiltzailearen aurpegia

Arrasateko EH Bilduk zoriondu egin nahi ditu Arrasateko etxez etxeko langileak lortu dutenagatik. Lau hilabetez kalean mobilizatzen egotea ez da erraza eta tinko eutsi diete euren aldarrikapenei. Dena den, ulertzen dugu lana geratzen dela egiteke. Arrasateko Udalak zerbitzu publikoa indartzen jarraitu beharra du, ordu publiko gehiagoa eskainiz eta erabiltzaileen artean erraztasunak emanez, zerbitzua Udalaren bidez jaso dezaten.

EH Bilduri dagokionez, hausnartu dugu ere udal zerbitzu hauetan sektore feminizatu eta prekarizatuetan lan baldintza duinak izateak duen garrantziaz. Lehiaketa publikoetan klausula sozialak eta lan hitzarmen ahalik eta hurbilenak, estatalak ez direnak, edukitzeak duen garrantziaz. Oposizioan egon garenean mahai gainean jarri ditugu behar hauek, kontratazio lege publiko berriak ahalbidetzen dituen aukerak baliatzeaz hitz egin dugu maiz, eta gobernuan gaudenean zorrotz beteko dugu langileen lan baldintzak hobetzearen beharra.

Bada garaia herrian bizi modu duinak bermatzeko, bai udal zerbitzuen erabiltzaileenak, bai hauek aurrera eroaten dituzten langileenak. EH Bilduk horren aldeko apustu irmoa egiten du.

----------

Eneko Barberena Mondragon

Arrasateko EH Bilduren izenean

Arrasate