Esker ona Arizmendi Ikastolako komunitateari

"Kalean zehar joaten garenez / goizero ikastolara / gaur ikastola nahiko genuke / berriz kalera atara".

Bertsoa horrela amaituta eman zion ongietorria joan zen ostiralean Ane Zuazubiskarrek Ikastolaren Egunari. Eta hain zuzen ere, bete-betean asmatu zuen ikastolaren aurtengo erronkarekin. Izan ere, Ferixalekutik Biterira egin dugu salto aurten, herrira are gehiago hurbilduz. Ikastolaren Egunaren formatu berri honetan nahi izan dugu, halaber, gure hezkuntza komunitatea izatea protagonista. Horrela, guraso, ikasle, irakasle, ikasle ohiak… gonbidatu ditugu artista eta artisau lanak parteka ditzaten gainerako ikastolako kideekin eta herritarrekin, oro har. Eskutitz honen bidez esker onik handiena bidali nahi diegu horiei guztiei: bertsolariei, ikasle eta irakasleekin osatutako trikitilari taldeari, artisau postuetan izan ziren langile, ikasle ohi eta gurasoei, musikaren bueltan izandako bakarlari zein taldeei, Akrosport erakustaldiaren dantzariei, olinpiadak antolatzen ibili zirenei eta parte hartu zutenei, grafitilariari, komunitateetako txosnetako lagunei, aurkezle lanetan ibili zen ikasle ohiari, tailerretako monitore taldekoei eta arduradunari, Argitxori, ipuin kontalariari, euskal kantuekin txosnak alaitu zituztenei… eta jakina, zuri ere bai, gurekin batera arratsaldea festa giroan pasatu zenuen horri. 

Arizmendi Ikastolak hezkuntza ez formalari ere ematen dion garrantziaren isla izan zen joan zen ostiraleko ospakizuna. Marixe Ruiz de Austriren bertsoaren amaierak bete-betean egin zuen bat ideia horrekin: 

"Denbora dugu erakusteko / festa hau bukatu arte / nola ikasteko moduak dauden / klaseetatik aparte".

----------

Edurne Balzategi

(Arizmendi Ikastola)

Debagoiena

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.