goiena.eus

Esker hitzak, maitasun hitzak!

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Joan den asteburuko uholdeak majo astindu du herria: kalte nabarmenak Torresoroan, inguruko tailer eta etxabeheetan, herriko hodieria osoa harriz eta lokatzez buxatua, nabarmen kaltetutako baserriak, ortuak eta larreak, oso egoera txarrean eta arriskutsuan geratutako baserri-bideak, arbolak errekaren ibilguan… eta seguru oraindik ez dakizkigun ehunka kalte txiki ere badela. Ahalik eta bizkorren eta ahalik eta modurik txukunenean guztiak konpontzen saiatuko gara.

Ekaitzak bazterrak astindu ditu, eta zenbait jenderen barrua mugiarazi ere bai; tartean, Antzuolako udalbatza osoaren izenean, lerro hauek idazten ari den alkatearena. Hondamendiaren eta txikizioaren aurrean, elkarri laguntzen, batuta erantzuten duen herriaren argazki ikaragarria ezin da diruz ordaindu; hori da dugun aberastasunik handiena. Hortaz, udalbatzaren izenean, zorionak, lehendabizi, portatu zarete! Eta eskerrik asko!

Eskerrak ere udal-langileei, ordutegi barik eta prestutasunez ari direlako aste osoan; astelehen goizean obrako makinak herria garbitzen jarri zituzten Aldundiko eta obrako arduradunei, larrialdizerbitzuei… eta, zela ez, eskertu, beren baliabideak gure esku jartzeko eskaintza egin eta jarri ere egin diguten inguruko udalei: Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Oñati –Antzuolako garbiketa-lanetan hondatutako kamioiaren faktura pasa lasai, Biain!–…

Sare sozialetako animo eta elkartasun mezuak, e-maileko mezuak, herritar arrunten deiak… eskertzeko zerrenda luzea da, eta zerrendek badute arrisku bat: norbait ahaztea. Horregatik, zuen ekarpentxoa egin duzuen guztiei, nahiz eta gu konturatu ez, bihotzez eskerrik asko Antzuolako udalbatzaren izenean!

----------

Beñardo Kortabarria

Antzuolako alkatea

Antzuola

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa