"Euskara, informazioa eta teknologia"

Erabiltzailearen aurpegia

Badira zenbait egun, daukagun informazio zurrunbilo guztian...

... jakin ahal izan genuela Foru Aldundiak informazio eta komunikazio teknologietan euskara sustatzeko dirulaguntzak ikaragarri jaitsi dituela. 

Hain zuzen ere, 2011ko 507.601 eurotik, aurtengo 299.934 eurora. Batez beste, %41.

Izan ere, gobernatzea tokatzen denean erabakiak hartu behar izaten dira, eta erabaki horiek dira hoberen azaltzen dizkigutenak zeri ematen zaion lehentasuna. 

Honen arabera, ez dirudi euskara eta teknologia egungo Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasunen artean daudenik.

Baina, hala ere, ez pentsa Bilduko Foru Gobernuak horren erantzukizuna hartuko duenik. 

Ez. 

Oraingoan ere errudunak beste batzuk izango dira: krisia, EAJ, Lehman Brothers, neoliberalismoa, errepresioa, auskalo zer. 

Eurak ez dira erantzule ezta euren erabakiak hartzen dituztenean ere. 

Hori bai, kontraesanaren irudia garbitzeko, bihar edo etzi, Martin Garitano berbera ikus genezake, adibidez, Informazioa, teknologia eta euskara jalgi zaitezte elkarrekin plazara esan dezakeen pankarta baten atzean. 

Hau ote ziklo berriaren estilo berria?

Non dago orain aintzazko hainbeste ordu eman dizkigun abangoardiaren Fronte Kulturala? 

Non, aurpegi ezagun bat burutzat izango duen gure intelektual konprometituen manifestua? 

Non, horrelako kasuetan, bandera espainola instituzioetatik kendu gabe eta euskararen arlo honetan dirulaguntzak nabarmen jaisten dituenarentzat Bildu español esango duen pintada?

Euskara, informazioa eta teknologia gure herriaren etorkizunerako ezinbesteko hiru zutabe direla argi dago. Nortasuna, oraina eta geroa. 

Informazioak orainean proiektatzen duen euskarazko nortasunaren teknologi geroa. Horri murriztu dio dirua Bilduk.

----------------------------------

Aitor Urrutia

Eskoriatza

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.