"Aintzane Oiarbideri"

Erabiltzailearen aurpegia

Kaixo, Aintzane. Facebook etab.en garai hauetan...

... dirudienez, ohoretzat hartu behar da norberak trol bat izatea; hau da, futbolaren terminoetan, markaketa estua egingo dizun aurkari bat izatea, eta zu, Aintzane, izarren ligan sartua zaude. 

Batzuen gustuarentzat Goienan gehiegi idatzi eta agertzen zara, eta hori ere badakigu. 

Ezagutzen ditugu horren inguruko presioak. 

Azken finean, zuk ere badakizu aipatzen duzun zurekiko jarrera obsesibo hori ez dela propio zurekiko, ordezkatzen duzun alderdiarekiko baizik. 

Horra hor obsesioa.

Pentsa! Batzuek 35 urte pasa ondoren herria altxatzen arlo guztietan, beste batzuek jendea erailtzen, txantaiatzen, mehatxatzen pasa dute denbora, erailketa, txantai eta mehatxu horiek txalokatuz, beldurra sozializatuz, beldur hau pax batasunikoan integratuz, orain kendu nahi dituzten zaborrontziak edo telefono kabinak errez, edota espainiarren mesedetan abertzaletasunaren kausa kakaztuz; baina, ordea, gaur egun bezala, eurek defendatu dituzte beti herri interesak. 

Ez zenuen ba horrelako zalantzarik izango, ezta? 

Borroka armatua herri borroka baitzen, eta herri armatua inoiz ez zanpatua… 

Ah! Eta eredua, albaniarra, noski. 

Aizu, aukera baduzu ikertu ezazu Albanian zaborra atez ate jasotzen duten, inguru haietatik kopiatutako eredua ematen baitu.

Inola ere, zure txantxitrolaren ustetan historiaren zama beti izango omen du zuk ordezkatzen duzun alderdiak, eurek orain barniz historikoekin makilatu nahi duten historiak kontzientzia zamarik suposatu behar izango ez balie moduan. 

Ez die suposatuko, ez, ez baitute kontzientziarik. 

Izango balute, Lizarralde jaunarengatik hasita, ez liekete atez ateko gai honetan bezala, inoren kontsultak egiteko eskaerari zilegitasunik ukatu behar, baina horrelakoa da hauen Demokrazia Euskal Herriarentzat, eurak iritsi artean ez da ezer egin, egin bada gaizki egina dago, gauza oro hasieratik berregin behar da, azkenean, errealitatera jaisten direnean, aurrekoek egin eta eurak borrokatu zituzten gauza guztiak errepikatzen bukatzeko. 

A! Eta kontsultak irabaztera baldin badoaz baino ez dira deituko, noski, gainontzekoetan herria ezjakina baita, adibidez, Zestoan. 

Hemen, Aintzane, garrantzitsuena ez baita zer egin edo proposatzen den, baizik eta gure Mugimendu Nazionalagatik egina edo proposatua izatea. 

Eta pax batasunikoan denok pozik, baldin eurek agindu eta gainontzekook isiltzen bagara. 

Beste huraren bakezko 25 urte haiek bezala.

Bukatzeko, gomendio bat. 

Ez itzazu horrelakoak kafea hartzen gonbidatu, garai bateko euren aitona integristekin gertatzen zen bezala, zenbat eta gehiago argudiatu eta arrazoitu, orduan eta gehiago erradikalizatzen baitira. 

Kafea garraztu egingo zaizu, eta zuri ordainaraziko dizute EAJkoa zarelako. Aldi berean, eta aurreko arrazoi beragatik, zerga iraultzaileren bat ipiniko dizute eta txintik ere ezingo duzu esan Aberri, Herri interesen onuran izango baita, eta beste edonorekin hartuak izan ditzakezun kafe guztiak aldez aurretik kontabilizatuak izaki, besteak beste, txibato pila dauzkatelako, edozein arrazonamenduren aurretik aurpegiratuko dizkizute, Inkisizioaren beraren antzera. 

Har dezatela kafea Torquemadarekin.

--------------------

Ander Urrondo

Eskoriatza

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.