"Eroskin anpliaziorik ez"

Erabiltzailearen aurpegia

Oñatiko supermerkatu berriaren harira Goiena-k Eroskiri...

... modu kezkagarri batean aurpegia zuritzen lagundu dion arren, esan beharra dago Eroskik (eta supermerkatu ereduak) ezer ez duela "jasangarri"-tik. 

Alferrik dira aurpegi zuriketak: CO2 isurketarik gabeko eraikinak, merkataritza justua, produktu ekologikoak, gertuko nekazarien produktuen erosketa sinbolikoak… Supermerkatuen eredu suntsitzailearen errealitatea makillatzeko estrategiak dira.

Supermerkatu ereduaren kontrako puntuak: 

1-Munduko potentzia ekonomiko handienen artean daude supermerkatuak. Izugarrizko aberastasuna eta boterea lortu dute elikaduraren kontura. 

2-Jakien gaineko kontrola oso esku gutxitan geratu da (7 enpresak jakien %75 kontrolatzen dute Espainiako Estatuan). Horrela, jakien inguruko erabakitze ahalmen ia erabatekoa lortu dute, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

3-Denda tradizionala desagerrarazi dute urte gutxiko epean… 

4-Baserritar eta ekoizle txikiak ito eta desagerrarazi dituzte. Prezioen bidez, neurri handi batean. Honekin batera nekazaritza eta abeltzaintza industrial eta intentsibo jasangaitza (pestizidak, transgenikoak, antibiotikoz jositako behiak…) ezarri dute. 

5-Kontrakoa sinestarazten diguten arren, jakien dibertsitatea guztiz murriztu dute. 

6-Supermerkatu ereduak "jaki bidaiariak" sortu ditu. Jakietatik gehienek, gure mahaietara iritsi aurretik, 2.500-4.000 kilometro bidaiatzen dute.

7-Jaki pila bat botatzen dute zaborretara tamainagatik, ubeldurengatik…

Jakien merkatuan jaun eta jabe dira supermerkatuak. Nola lortzen dute? 

1-Publizitatean egundoko dirutzak gastatuz (jakien inguruko enpresak telefonia eta automobilaren sektorearen aurretik omen daude publizitate-gastuari dagokionez).

2-Estrategia desberdinak: bezeroen portaerez informazioa lortzeko deskontu txartelak erabiltzen omen dituzte; marka zurien amua; kapritxoak supermerkatu sarreran eta oinarrizko jakiak barrualdean; ordularirik ez jartzea; musika "atsegina"; eta abar).

Azoka bultzatzea ondo dago, baina ezer gutxirako balio du Eroski eta supermerkatu ereduaren kontra aurrez aurre egiten ez baldin bada. Supermerkatu onena itxita dagoena.

--------------------

Ander Lizarralde Lizarralde

Oñati

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.