"Aintzane Oiarbideri erantzuna"

Erabiltzailearen aurpegia

Bilduk ez dituela herriaren gehiengoaren interesak babesten...

... eta inposaketaren bidea hartu duela ulertarazi diguzu zure azken artikuluan. 

Beste behin. 

Ahaztu al zaizu zure alderdiak (EAJk) Lemoizko zentral nuklearra inposatu zuenean ez zituela herriaren interesak babestu, baizik eta Iberdrolarenak?

Ahaztu al zaizu AHTrekin Udalaitz alderik alde zulatuko duzuenean ez dituzuela herriaren interesak defendatuko, baizik eta Amenabar, Moyua, Altuna y Uria eta abarrenak. 

Ahaztu al zaizu Zubietako errauskailuaren obrak inposatu zenizkigutenean ez zenituztela herriaren interesak defendatu, baizik eta FCC eta konpainiarenak? 

Herriaren dirua enpresa pribatuentzat. 

Bestalde, atez atekoa inposaketa bada bosgarren edukiontzia ere izango da, ezta? 

Oñatin oso gogoan ditugu zure alderdikideek bosgarren edukiontzia jartzerakoan esan zituzten hitzak: 

"Uste dugu materia organikoa biltzeko sistemarik egokiena bosgarren edukiontzia dela...". 

Oñatiar gehienek ere hala uste dutela gaineratu zuen alkateak, otsaileko bigarren hamabostaldian 386 herritarri egindako inkesta pribatu bateko datuak azalduz (Kontzejupetik aldizkariko hitzak). 

Beste alderdikide batek honela justifikatu zuen bosgarren edukiontzia jartzearen erabakia: 

"Azken batean, Oñatiko udalbatzak gehiengo absolutuz hartu du erabakia… bakarrik Ezker Batuaren aurkako botoarekin eta Zutik-en abstentzioarekin, eta hori da garrantzitsuena herritarren gehiengoaren adierazle gisa". (Kontzejupetik aldizkariko hitzak). 

Eta azkenik, esan nahi dizut historiari, etimologiari eta autore klasikoei egiten dizkiezun erreferentziak sobra samar daudela erabiltzen dituzun bezala, nahiz eta ez dizudan adierazpen askatasunik ukatuko.

--------------------

Ander Lizarralde Lizarralde

Oñati

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.