"Aintzane Oiarbideri erantzuna"

Erabiltzailearen aurpegia

Behin eta berriz eta alde guztietan atez atekoa demonizatzen zabiltza, Aintzane.

Azken saiakera martxoaren 16ko GOIENAn. 

Zikina, garestia, intimitatearen aurkako erasoa… eta deabruaren asmakizuna. 

Hala ere, gauza jakina da zein den deabruaren gustuko txokoa: sua dagoen lekua. 

Eta zein hoberik errauskailu bat baino. 

Bai, Aintzane, aitortuko duzu edo ez, baina deabruari eskutik helduta zoazte zaborraren kontu honetan. 

Gipuzkoako zaborraren kudeaketaren norabide guztia baldintzatuko zuen plana (PIGRUG, alegia) nork idatzi zuen? 

ISRk. 

Eta nortzuk dira ISRko bazkideak? Oficiales del Cemento Patronala, Cementos Lemona, Endesa, Aeversu eta abar. 

Eta nork eraiki eta kudeatu behar zuen Zubietako errauskailua nagusiki? FCCk. 

Galdeketa eske zabiltzate sutsuki, simulatuz herriaren interesak defendatu nahi dituzuela eta disimulatuz erakunde eta enpresa aberats horien esaneko leialak zaretela. 

Bilduk ingurumenaren, osasunaren eta herritarren interesen alde egin duenean, hori demonizatu beharra dago. 

Bosgarren edukiontzia Gipuzkoako hainbat herritan jarri duzue eta hori birziklapenaren aldeko aurrerapausotzat erakutsi duzue. 260.000 tonatarako (zaborraren %60 inguru) errauskailua inori ezer gabe jartzera zindoazten, eta hori "beste aukerarik ez zela geratzen" esanda bultzatu duzue. 

AHTrekin bailara guztia txikitzen zabiltzate, baina hori "interes jenerala" da eta derrigor egin beharra dago. 

Eta atez atekoa diktadura bateko inposizio onartezin ankerra bezala aurkeztu duzue. 

Oso demokratak zarete, Aintzane. 

Bejondeizuela. 

Azkenik, Valle-Inclan idazlea aipatzen duzu eta nik gertuagoko erreferentziak eman nahi nituzke. Hiru zehazki: 

1-Mikel Peruarenaren Zeinek erre nahi ditu hondakinak? 

2-Incineración y salud. (Greenpeace 2001).

3) Alfonso del Val-en Análisis crítico del PIGRUG. 

Herritar guztiak gonbidatu nahi ditut hiru testu hauek irakurtzera (Interneten oso erraz jaisten dira), uste baitut Valle-Inclan baino egokiagoak direla zaborraren arazoa ulertzeko.

---------------------------------

Ander Lizarralde Lizarralde

Oñati

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.