Ehiztariak arrantzan; tropelean kalma, borroka handiaren zain

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko mai. 15a, 18:04
Victor Lafay, garaile helmugan. (Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia)

Cofidis taldeko Victor Lafay-k irabazi du etapa, ihesaldia errematatuta; tropelean mugimendu gutxi.

Txirrindulariek esaten badute, kaso egin. Ihesaldia helmuga iristeko egunik aproposena zela esan zuten askok eguerdian, etapa abiatu aurretik. Arrazoia, bihar lehen etapa gogorra korrituko dela, eta oilar indartsuenek eta euren taldeek ez zutela lanik egingo etapa garaipena bilatzeko. Esan eta egin. Hori bai, ihesaldia egin arte a ze sua! 60 kilometro egurrean, eta azkenerako 9 lagun buruan, zaldi on askoak taretan: Oliveira, Campenaerts, Gavazzi, Gaviria, Gougeard... Tropelak baimena eman die, Valter liderraren Groupamak gidatuta, eta azkar ireki dute zazpi minutuko zuloa, garaipena euren arten borrokatzeko bermea ematen zien errenta.

Helmuga lau kilometro eskaseko mendate piko batean zegoen, eta ihesaldiko denak mugitu dira, ahalegindu, baina azkenean igotzaile onenak, edo indar gehienarekin iritsi denak eraman du zakura garaipena: Victor Lafay lyondarra. Cofidis taldeak urteak zeramatzan itzuli handietan garaipenik lortu gabe, eta Lafayrena ere bere palmareseko lehena da. Pozarren izanen dira gaur gauean hotelean Cofidis taldean. Oilarren artean Pello Bilbao izan da kaltetuena, matxura bat jasan eta minutu erdia galdu baitu. Valter liderrak ere sufritu du, baina ondo eutsi dio maglia arrosari beste egun batez.

Bihar seigarren etapa: Castel di Sangro-Campo Felice, 158 kilometro eta 3.500 metroko desnibel metatua. Lau dira mendate puntuagarriak: hirugarren mailako bat, bigarren mailako bi eta bukaerako lehen mailakoa, baina puntuak emango ez dituzten beste aldapa asko ere badaude. Bukaerako Campo Felice berezia da, azken 1.500 metroak sterrato edo lur bidean egingo baitira, eta %8.8ko batez besteko maldarekin. INEOS eta Egan Bernal-en gurpilean ibili nahiko dute denek, baina adi Remco Evenepoel-ekin ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak