Arrasate pasealekua gora eta behera

Erabiltzailearen aurpegia

Badira aste batzuk Arrasate pasealekua ahoan dugula.

Sorpresa izan da askorentzat Arrasate pasealekuko proiektua, baina Arrasateko Udalak proiektua Kulturaten aurkeztu zuen; beraz, ez litzateke sorpresa izan beharko herriarentzat Udalak duen egitasmo hori. 

Idatzi honen arrazoiak asko dira. Aspertuta nago, zurrumurruak handik eta hemendik entzuten egotea jakin gabe zer den zurrumurrua eta zer ez. Nork bere etxera begiratzen du, ondokoaren egoerari kasu handirik egin gabe. Asko haserretzen nau Arrasateko Udalak azaldutako jarrera: "Ez dago erabakita nolakoa izango den bertako trafikoa. Lanak amaitu eta gero erabakiko da". Benetan?

Nork sinets dezake maila horrelako proiektu batek oraindik zertarako egingo den ez jakitea? Proiekturik badago? Orduan zertan dabiltza Arrasate pasealekuan lanean, helbururik finkatuta ez badago? 

Ez dakit egia den edo zurrumurrua den, baina batzuek diote alkatea Arrasate pasealekuraino hurbildu dela eta bertan arazorik ez dagoela azaldu duela. Noiz etorri zara? Ikusi duzu Loramendi kalean sortzen diren autoen arteko istiluak? Ikusi dituzu autobusek dituzten arazoak? Ikusi dituzu aparkatzeko ditugun arazoak, aparkalekurako txartela izanda ere? 

Herriak egia ezagutu behar du bere iritzia azaldu ahal izateko Udalaren alde edo kontra, baina egitasmoak ezagutu behar ditugu inolako sekretu eta jolas politikorik gabe. 

Inguruko komertzio eta tabernak sinadurak jasotzen gabiltza Arrasate pasealekua denontzat izan dadin: oinezkoentzat, bizikletentzat eta autoentzat. Arrasate pasealekua nahiko zabala dela iruditzen zaigu eta hainbat neurri har daitezke guztiok pozik egoteko: abiadura moteldu, Bolintxoko zebra-bidean semaforoak jarri, aparkalekuen ilara bat kendu eta bizikletentzat bidea egin…

Azken asteetan komunikabideetatik jaso dut egitasmoaren inguruko informazioa eta nik ere komunikabideen bitartez zabalduko dut nire egonezina. Hiru aste pasa dira dagoeneko Arrasate pasealekuan lanak hasi zirenetik. Komertzio eta tabernetan igarri ditugu bai galera ekonomikoak, jende gutxiago gerturatzen delako, egiten ari diren lanen ondorio, aparkaleku gutxiago dagoelako... nork daki! Ondo legoke ere Udalak periferian probak egiteaz gain zerbaitetan lagunduko balu.

----------

Agurne Juldain Alcalde

Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.