"Bosgarren edukiontziak ez dakar errauskailua"

Erabiltzailearen aurpegia

Birziklatzeko eztabaida honetan badira zentzuz gabeko esaera batzuk.

"Bosgarren edukiontziak errauskailua dakarrela" irakurri dut nonbaiten. Gure etxeko emaitzak eguneratuta, aurten bosgarren edukiontziarekin %96 birziklatzen dugu; hobeto esanda, %96 birziklatzeko banandu egiten dugu. Guk %96 banandu badugu bosgarren edukiontziarekin Aretxabaletan, errauskailuaren alde gaude? Eta hemendik aste batera Antzuolara joaten bagara bizitzera, atez ate erabiltzen %96 banantzen badugu, errauskailuaren kontra egongo gara?

Nik atez atekoa erabiliz gero berdin-berdin bananduko dut, hau da: emaitza bera bi modu desberdinekin. Beraz, esaerak izan beharko luke: "Ez birziklatzeak dakar errauskailua".

Hondakinak gutxitzeko lehentasunak hauek direla pentsatzen dut: murriztu, berrerabili, birziklatu eta zentzuz jokatu. Oraingo edukiontzi marroien erabilera, nire ustez, saiakuntza besterik ez da, aurrerapausoak eman behar dira; horretarako proposamen batzuk:

-Kanpaina Aretxabaleta guztiari, ez bakarrik borondatez izena eman duenari.

-Organikoa birziklatzeko poltsak eta ontzi txiki marroia banatu etxe guztietan, erabileraren argibidearekin batera.

-Edukiontzi marroiari giltza kendu.

Ezagutu eta probatu dezagun bosgarren edukiontzia.

---------------------------------

Anjel Guridi

Aretxabaleta

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.