"Zuk badakizu zer entzun!?"

Erabiltzailearen aurpegia Aitzol Gandiaga 2011ko ira. 3a, 02:00

Goizean, esnatu eta irratia piztean, "zuk badakizu zer entzun!", horiek dira entzuten ditudan lehen hitzak, ahots goxo batek esana.

Baina hau al da herriak entzun nahi duen musika? Edo gutxi batzuek guk zer entzun erabakitzen dutena?

Horrelako irrati publikoetan euskal musikak duen tartea oso urria da, musika euskalduna modan ez balego bezala.

Gure herrian antzeko jarrerak bizi ditugu, gaueko jai giroan irten eta irratian entzuten dena nahikoa ez eta tabernek jarrera bera hartzen dute, musika euskaldunak ez omen du saltzen… konturatzen al gara Euskal Herriko taldeei eta euskarari berari ematen diegun zentsuraz?

Bergaran, zoritxarrez, jai giroan euskal musikaz gozatzeko aukera ematen diguten tabernak oso gutxi dira, ez dugu uste %100 musika euskalduna izan beharko lukeenik; hala ere, aldi berean honek bere txokoa izan beharko lukeela uste dugu, inguruko beste herri askotan bezala.

Lotsagarria da poteo orduan Tapia ta Leturiaren abestiak entzun, eta jarraian eguzkia sartzearekin batera abesti komertzial hutsak eta erdaldunak jartzeko duten ohitura herriko taberna askok.

Hau guztia esanda, honi buruzko hausnarketa bat egitera animatu nahi zaituztegu, herrian baditugu-eta beste modu batean funtzionatzen duten komunikabideak (Txapa irratia, Info 7...), ziur gaude Bergarako igerilekuetan ere ez dela zaila izango frekuentzia hauek harrapatzea!

Sarri, non bizi garen ahazten dugu, eta, guztiok gure hizkuntza zaindu behar dugula dakigun moduan, honekin batera geurea dugun kultura eta musika ere zaindu beharra daukagu.

-----------------------------

Aitzol Gandiaga eta Aritz Alustiza
Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak