"Ibarra kiroldegia, merezi dau?"

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arroyo Sagasta 2012ko ira. 15a, 02:00

Aretxabaletan orain dela gutxi bizi banaiz ere, irrikan nengoen Ibarra kiroldegia...

... barrutik ezagutu eta instalazioez gozatzeko. 

Joan zen ostiralean, irailaren 7an, izan nuen probatzeko aukera eta ezusteko ederrak hartu nituen.

Lehenengo sorpresa eguneko sarreraren prezioa izan zen, oso garestia iruditu zitzaidan: 8,95 euro, hain zuzen ere.

Bigarren ezustekoa instalazioen kalitatea izan zen: igerileku ederra eta spa gune dotorea. 

Oso gustura egon nintzen bertan eta, irtendakoan, nire poztasuna adierazi nion bertako sorosleari, baita nire lagun eta senitartekoei ere.

Etxera abonatu txartela egiteko bi triptikorekin eta prezio guztien zerrendarekin iritsi nintzen, kontuak egiteko prest. 

Jakina da, gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoan, dirua inbertitzeko erabakiak lupaz begiratu behar ditugula. 

Beraz, birritan pentsatu beharreko gauza da 36,30 euroko matrikula eta hilero 29,04 euro (urtean 348,48 euro) ordaintzeko erabakia hartzea. 

Dena dela, deskontuak daude langabeentzako eta 65 urte baino gehiago duten pertsonentzako.

Egun, langabezian nago. 

Paroa kobratzen dut, baina ez dut lanik. 

Beraz, langabeei dagokien deskontua kontuan hartu eta berriro ere kontuak egin nituen. 

Azkenean, hilero 19,36 euro irteten zitzaidan, urtean 232,32 euro, matrikulaz gain. 

Ados, nire sasoiari eusteko hori ordaintzeko prest nengoela erabaki nuen. 

Joan zen asteartean, irailak 11, abonatzeko dokumentuak bildu nituen: erroldatze-agiria eta Lanbideko agiria. 

Ibarra kiroldegira iritsi eta, hara, hirugarren ezustekoa: langabeei dagokien deskontuaz gozatzeko ez da nahikoa lanik ez egotea: ez da inolako diru-sarrerarik izan behar! Orduan, paroan egonez gero, langileek bezala ordaindu behar da.

Ez naiz gehiago luzatuko. 

Bakar-bakarrik, zenbait hausnarketa: paroan gaudenok ez al gara, bada, langabeak? 

Zerbitzu publiko bat izanda, nola daiteke horrelako prezio altuak izatea? 

Badakigu (eta ikusi dugu) instalazioak primerakoak direla, baina ez al zaizue iruditzen denon eskura egon beharko liratekeela, ez bakarrik aberatsen eskura? 

Nola liteke urteko abonurik ez egotea, prezioak jaisten laguntzeko? 

Hau guztia kiroldegiko harreran adierazi dut, baina udaletxera joateko esan didate, dena Udalak eta kiroldegia kudeatzen duen enpresak hitzartutako akordioan adostuta baitago. 

Hartutako erabakiak alda daitezkeela aldarrikatu nahi dut, Aretxabaletaren onerako; izan ere, kirola guztion eskura egon beharko litzateke.

Bestela, kiroldegiaren lema aldatuko nuke: Ibarra kiroldegia, merezi dau?

--------------------

Amaia Arroyo Sagasta

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak