"Erraustegiek minbizia sortzen dutela frogatu da"

Erabiltzailearen aurpegia

Aita biriketako minbiziz hil zitzaidan duela zortzi urte.

Beste jende askori bezala niri ere izugarri maite nuen pertsona bat eraman zidan minbiziak. Urtebeteko prozesua izan zen, tristea afektiboki guretzat, baina gogorra eta minkorra beretzat. Erretzea, genetika… faktore askok eragin dezakete minbizia. Baita ingurugiro faktoreek ere. Horrela diote adituek. Madrilgo Carlos III.a Osasun Institutuko ikerlariek, adibidez, Gabon hauetan Environment International aldizkarian publiko egin dute errauskailuen ingurunean bizitzeak lotura estua duela honoko minbiziekin: obarioak, birikak, pleura, giltzurruna eta urdaila. 1997 eta 2006 urte bitartean Espainiako Estatuko 8.000 herri ikertu dituzte eta errauskailuek minbizia sortzeko substantziak botatzen dituztela ondorioztatu dute (dioxinak, bentzenoa, artsenikoa eta gogoratzen ez ditudan beste izen zientifiko pila bat, guztiak kutsakorrak eta hiltzaileak). 

Erakunde publikoek eta agintari politikoek ez erretzeko kanpainak egiten dituzte, alkohol gutxi edateko, kirola egiteko… eta bitartean, errauskailu bat jarri nahi izan digute Gipuzkoan, seguru aski jakitun diren informazio hau ezkutatuaz. Batzuk auskalo ze interes ekonomiko eta politikorengatik gure eta gure seme-alaben osasunarekin jokatzen ari dira. 

Ezin dugu erraustegirik onartu gure lurraldean, hilkorrak dira, minbizia eragin dezaketela frogatuta dago. Politikariei arduraz jokatzeko eskatu nahi nieke, baztertu dezatela behin betikoz proiektu hau. Herritarroi ere eskatu nahi nizueke buruari buelta bat emateko, gure osasuna dagoela jokoan eta gauzak ondo egiten baditugu, erosotasuna alboratu eta osasunari garrantzia ematen badiogu etorkizun hobea lantzen ariko baikara. Poltsak balkoietan jarri dituzuenoi ere eskatu nahi dizuet arduraz jokatzeko, emateko aukera bat atez atekoari, gauzak ondo egiten baditugu, birziklapen tasa altuak lortzen baditugu errauskailurik ez baitugu beharko.

--------------------

Aritz Arnaiz Laskurain

Oñati

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.