"Gipuzkoako Saskibaloi Federazioari"

Erabiltzailearen aurpegia

Martxoaren 17an, Astigarragan, Astigarraga taldeak eta Soraluze BKE taldeak...

...  jokatutako partidan gertatutakoa salatu nahi dut. 

Saskibaloi partida honetan gertatutako falta baten ondoren, Soraluze BKE taldeko jokalari bat epailearengana hurbildu zitzaion azalpen eske, euskaraz noski. 

Hara non, epaile honek "a mi háblame en castellano" esan zion, modu ez egoki baten; honetaz gain, eta euskaraz zuzentzearren, teknika bat pitatu zion. 

Baina kontua ez da hor amaitzen; partida amaitu bezain laster, jokalaria berriz joan zitzaion azalpen eske eta, hara non, epaile hau mahaira hurbildu eta jokalari horren fitxa kentzeko eskatu zuen, honek dakarren guztiarekin. 

Epaileari euskaraz zuzentzearren, Soraluze BKEko jokalari honi saskibaloian jokatzeko fitxa kendu diote (federazioak kontrakorik esaten ez duen bitartean). 

Hau guztia partidako aktan idatzita dago, eta bai Soraluze BKEk eta federazioak berak ere badute gertakari honen eta akta honen berri.

Hau guztia azalduta, gogor salatu eta deitoratu nahi dut saskibaloiko epaile honek izan zuen jarrera. 

Ez dakit noren ardura izango den hau guztia aztertzea, baina Gipuzkoako Saskibaloi Federazioari zuzentzen natzaio, horrelako kasurik berriz gerta ez dadin beharrezko diren neurri guztiak hartzeko eta epaile honi, hizkuntza eskubideen aurka egiteagatik kontuak eskatzeko.

Bada garaia gure herrian, Euskal Herrian, euskaraz bizitzeko dugun eskubidea onartua eta bermatua izateko.

---------------------------------

Aitor Aranzabal

(Euskal Herrian Euskaraz)

Bergara

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.