"Bedoñari buruzkoari zuzenketak"

Erabiltzailearen aurpegia

2013ko otsailaren 8an GOIENAn Bedoña elizateari buruz agertutako informazioari...

... erantzunez dator idatzi hau. Zuzenketa batzuk egin aurretik, aitortu beharra dago, atez atekoak betetzen dituen orrien artean, horrelako artikuluek haize freskagarria ekartzen dutela. 

Lehen baieztapena: "Eta, noski, Bedoña Arrasateko auzoa da". Zer esanik ez, gaur egun bai, baina non dago "noski" horren froga? Hiribilduak aipatzen ditu artikuluak, jakin ezazue 1260. urtean Arrasate Leintz Bailara utzi eta hiribildu bihurtu zela; urte batzuk geroago, Leintz Gatzagak joera bera eduki zuen, eta handik aurrera Leintz Bailarak bere 17 gunerekin jarraitu zuen, Bedoña barne. 1630. urtean Felipe IV.ak "mankomunitate hura desegin zuen arte". Ze mankomunitate? Mankomunitate hitza erabiltzea baino egokiagoa da komunitate hitza erabiltzea. Komunitate hori bailara osoa zen, Leintz bailara. Komunitate hori ez da desegiten, banandu baizik, gaur egun Aretxabaleta eta Eskoriatza izenarekin ezagutzen ditugun zonatan banandu zen, baina lehenago zuten funtzionamendu berarekin. Eta hau lotzen da hurrengo aipatzen denarekin: "Orduan auzoa Aretxabaletako administraritzaren mende geratu zen"; hori horrela ez da, elizate denek, eta egitura horretan Aretxabaleta beste elizate bat zen, eskubide eta funtzionamendu bera zuten, Bedoñak ere bai. Horrela izanik ezin da esan Arrasatera bueltatu zirenik, sekula ez zirelako Arrasate izan. 

Arrasatearrak sentitzen zirela ere esaten da; hori neurtzea ez da erraza, orduan sentitze hori bakoitzaren auzo edo elizatearekin lotuta zegoelako, zerbitzuak hirigune baten edo bestean erabili arren. Aretxabaletarenganako aurkako zuten jarrera hori ez dakigu gaur egungoek bizi izan duten ala lehenagoko batzuen koskatxoren bat den. 

Espedientea ireki, azpijana landu eta 1966an Bedoña Arrasateren menpera pasatu zen. Erreferenduma egin zen eta gehiengoa Arrasatekoaren alde atera zen. Hurrengo egunetan agertu zen Aretxabaletako Udaletxean bedoñar askok sinatutako idatzia, zera esanaz, erreferendum horretan Beñat Etxeparek esaten zuen bezala, "orain dute porogatu engainatu zirela".

Eta bukatzeko, ez zaigu orekatua iruditu Malberi 15 lerro eskaini eta poeta aretxabaletarrari, Loramendiri zapi lerro besterik ez, eta, gainera, bere argazkirik ez da agertzen; omenaldia berari eskaini zitzaion, ez obispuari. Baina bueno... hemen idatzita geldi dadila "scripta maneat".

Agur bero bat.

--------------------

Aitor Antxia Leturia eta Juan Carlos Bengoa Munduate

(Txartyn de Basterbero Taldea)

Aretxabaleta eta Eskoriatza

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.