Andoni Agirre: "5. edukiontziaren aldeko Udalaren argumentuak"

Erabiltzailearen aurpegia

Martxoaren 31n burutu zen osoko bilkuran, 5. edukiontziaren ezartzea erabaki zuten PNV, H1!, PP, PSOE eta Aralarrek.

Sistema honen alde egiteko Udalak erabili dituen argumentuekin ez dator bat Oñati Zero Zabor.

1. argumentua: herri bakoitzak duen autonomia aipatu zuten. Oñatik berak nahi duen sistema aukeratzeko eskubidea duela zioten, Antzuolak duen bezala.
Guztiz zilegi iruditzen zaigu eskubide hau, baina Antzuolak, Bergarak, Arrasatek, Eskoriatzak, Aramaiok eta AHT pasatzen den beste hainbat herrik ez al dute autonomiarik beraien herrian ez dutela nahi esateko? Zubietarrek ere izango dute, ba, herri autonomia Zubietan errauste plantarik ez dutela nahi esateko. Errespetatzen al duzue erabaki hauetan herri hauek duten autonomia?

2. argumentua, eta beraien aburuz garrantzitsuena: erabakia hartzeko arrazoi nagusitzat, egindako inkesta pribatu bat erabili zuten. Inkesta horretan, hainbat galderaren artean, ¿Es necesario el quinto contenedor en Oñati? galdetzen zen.
Herritar guztioi eragingo digun sistema bat jartzera bazoazte eta galdeketa baten oinarritzen bazarete sistema jarri edo ez erabakitzeko, galdeketak herritar guztiei zabaldua izan behar du eta ez 386 pertsonari (Oñatiko biztanleen %3). Bestalde galdetu aurretik informatu beharra dago, desinformazio ikaragarria baitago gai honen inguruan. Galderek ere alde guztiak ukitu behar dituzte, eta ez interesatzen diren galdera bideratuak soilik. Azkenik, emaitza objektibo batzuetatik ondorio subjektiboak ateratzea maltzurkeriaz jokatzea da; esaterako, Aralarko zinegotzia non sartuko genuke galdeketa honen arabera? Aralarrek atez atekakoaren alde dagoela esan zuen eta 5. edukiontzia ere ongi ikusten zuela zioen. Galdeketak ez dira honela egiten eta gutxiago honelako pisua ematen badiozue.

3. argumentua: jendea ongi sentsibilizatuz gero, 6 bat urtetan atez atekakoarekin iristen diren emaitzetara iritsiko direla diote.
Hori benetan horrela izango balitz, zergatik ez duzue moratoriaren alde egiten? Emaitza horietara iritsiz gero, erraustegia ez litzateke errentagarria izango. Edo beste era batera esanda, erraustegia egiten bada, ez zaizue komeni emaitza horiek lortzea. Gainera, zergatik itxaron behar dugu 6 urte emaitza horiek lortzeko, atez atekoarekin lehenengo astetik 5. edukiontziarekin inoiz iritsiko ez garen emaitzetara iristen bagara?

4. argumentua, eta erabiliena: atez atekoarekin derrigortu egiten dela birziklatzera eta beraiek ez omen daude derrigortzearen alde.
Ez birziklatzeak kutsatzea esan nahi du. Ez badugu birziklatzen kutsatzen ari gara, eta gure ustez inork ez du kutsatzeko eskubiderik; Udalaren iritziz, ordea, kutsatzea libre da. Oñatiko Udalak proposatzen duen erraustegia egiten bada, zaborra erretzera derrigortuko gaituzte. Guk, ordea, nahiago dugu birziklapena errausketa baino.
Bukatzeko, Zero Zabor filosofiarekin ados daudela esan zuten. Zero Zabor filosofia zera da, sortzen dugun zabor guztitik birziklagarria den guztia birziklatu eta birziklatu ezin dena zerora murriztea. Hau honela izanik, eta mahai gainean bi sistema egonik, bata atez atekoa %85etik gorako birziklapen mailarekin eta bestea 5. edukiontzia kasurik onenetan ere ez duena %35eko maila gainditu, ez du zentzurik 5. edukiontziaren alde egitea. Honek zabor guztiaren %65 inguru erraustea esan nahi du, errauts eta ke oso toxikoak sortuz. Beraz, ez zaigu ulergarria egiten Zero Zabor filosofiarekin bat egiten dutela esan eta ia guztia birziklagarriak diren hondakinak erretzea helburu duen sistema baten alde egitea.

Oñatiko Udalak sistemarik toxikoena, garestiena eta kutsakorrena aukeratu du, 5. edukiontzia.

Zaborra guztion arazoa delako, sistema ekologiko, ekonomiko eta osasuntsuena eskatzen dugu, atez atekoa.

--------------------------------

Andoni Agirre
(Oñati Zero Zabor plataforma)
Oñati

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.