Mila esker, Tobera!

Erabiltzailearen aurpegia

Bosgarrena izan da aurten taularatu den Tobera.

Aretxabaletak salatu du Eskoriatza, baina herri txikiek hartu dute beraien esku epaiketa. Erdi Aroko tradiziotik datorren antzerki obra satirikoa da, herritarrek herritarrentzat egindakoa. Azken hauek dira protagonista bertan, eta beraien prestutasunari esker burutu izan genuen, Inuzente egunean, Tobera. 

Horregatik, behin eta berriz, eskerrik asko esatea besterik ez daukat. 

Hasieratik parte hartzeko prest egon eta behar izan den guztian fin-fin lanean aritu izanagatik, lantaldean giro ezin hobea sorrarazteagatik eta lotsak alde batera utzi eta eszenatoki gainera igotzera ausartu izanagatik. 

Artista handiak zarete, mila esker!

Niretzat erronka izan da oraingoan eszenatokia alde batera utzi eta beste aldean antolatze lanetan aritzea. Aspaldidanik banuen gogoa nire herrian antzerkiarekin lotutako proiekturen bat burutu ahal izateko eta Bagara Herrigintzan elkarteak eman dit gauzatu ahal izateko aukera, eskerrik asko. 

Prestaketa lanetan bidelagun izan ditudan guztiak ere goraipatu nahi nituzke. Alde batetik, Eskoriatzako Udala proiektuaren aldeko apustua egitearren eta beharrezko izan ditugun baliabideak eskura jartzearren. Bestetik, soinu eta argiztapen lanetan ibili diren teknikari guztiei. Kiroldegi bat ez da antzoki bat eta beraien lanari esker antzoki paregabe bat izan genuelako antzezpena burutu ahala izateko. Baita Goiena Komunikazio Taldeari ere. Debagoieneko herri guztietara Toberaren nondik norakoak prentsa, telebista, irrati… bidez guztiei helarazteagatik.

Azkenik, hasieran aipatu ditudan Debagoieneko herritar parte hartzaile guztiak. Epaile, abokatu, fiskal, pregoilari, gurutze, testigu, herri "txiki eta ahaztuen" ordezkariak, atsoak, dantzariak, txistulariak… eta beste hainbat pertsonaia hezurmamitu dituzuenoi eta baita beste lan batzuetan laguntzen ibili zareten gainontzeko guztioi ere. Zerrenda luzea da eta ez dut inor ahaztu nahi, zuotako bakoitzak egin baitu posible abenduaren 28an, Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian, taularatutako antzezlana. Azkenik, ez nituzke aipatu gabe utzi nahi Nagore, Onintze eta Arkaitz, eskerrik asko! 

Bosgarrena amaituta, etor daitezela seigarrena, zazpigarrena, zortzigarrena… jarrai diezaiola Toberak, urtez urte, 2011. urtean ekindako bideari. 

Mundialak zarete! 

Mila miloi esker guztioi!

----------

Aitor Agiriano

Eskoriatza

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.