Lehentasun kontua

Erabiltzailearen aurpegia
Proposatzen diren neurrien arabera baloratu behar dira politika publikoak eta bistan da EH Bilduk eta PNV-k planteatzen dituzten neurrien norabidea. Bakoitzak atera ditzala ondorioak.

Urtarrilean Oxfamek ohartarazi zuen handitzen ari dela desberdintasun sozialen arrakala. Bere datuen arabera munduko zortzi pertsona dirudunenek munduko biztanleria erdiak adinako aberastasuna duten bitartean, gero eta gehiago dira pobreziaren mugatik behera bizi diren herritarrak. Otsailean aldiz Save the Children izan da EAEko haurren %9 pobrezia larrian bizi direla ohartarazi digun erakundea. Bere esanetan arrazoia garbia da: biztanleria pobretuaren sarrerak izugarri murriztu direla.

Gurean, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) da babes sozialerako Eusko Jaurlaritzak duen tresna nagusia: beharra dutenentzako prestazio ekonomikoa. Jende bat pobreziatik ateratzeko eta beste jende baten pobrezia arintzeko erreminta izan beharko luke, azken datuen arabera gutxieneko errentek %37an murrizten baitute pobreziaren hedadura.
Legearen arabera, DSBE-aren kalkuluak indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldata hartu beharko luke oinarri. Hori horrela, gutxieneko soldata igo den maila berdinean (%8) igo beharko litzateke EH Bilduren ustez.
Zenbakitara joanaz, 2016ko abenduan 63.797 pertsonek jasotzen zuten DSBEa eta 461 milioi €-tako aurrekontua bideratu zen. %8ko igotzeko proposamenak 40 milioi euro gehitzea ekarriko luke, AHTaren kilometro batek duen kostua hain zuzen. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren esanetan aldiz, ¨aurrekontuen banaketa hankaz gora jarriko luke”.
DSBEari Patxi Lopezen gobernuak ezarritako murrizketa arintzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak AGI izeneko laguntzak jarri zituen martxan EH Bilduren legealdian. Laguntza hauek ere DSBEaren helburu berdina dute eta DSBEtik kanpo geratutako herritarrei gutxieneko diru sarrera bermatzera zegoen bideratuta. PNV-PSOE bikoteak ordea AGIA laguntza berri bategatik ordezkatu du.
PNV-PSOEren laguntza berriak 870.000€-tako aurrekontua izango du urtean, AGIAk 11 milioi €-takoa zuen bitartean eta 200 bat pertsona izango dira onuradunak Gipuzkoa osoan; AGIAren onuradunak 1.400 ziren. Dirudienez, gipuzkoarron etorkizuna beharrezkoa ez den errauskailu batera bideratutako 768 milioi €-tako zor batekin hipotekatu duen gobernuarentzat 11 milioi € larregi da behar gehien dituzten herritarrengana bideratzeko.
Proposatzen diren neurrien arabera baloratu behar dira politika publikoak eta bistan da EH Bilduk eta PNV-k planteatzen dituzten neurrien norabidea. Bakoitzak atera ditzala ondorioak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.