Sufrimenduak baditu hainbat aurpegi

Erabiltzailearen aurpegia

Gatazka politikoaren testuinguruan, giza eskubideen urraketa etengabeak tragedia handia (izan) dira milaka familiarentzat.

Tragedia hori aitortu, onartu eta erreparatu beharra dago, bere osotasunean; tragedia guztiak, inolako salbuespenik gabe. 

Baina tragedia iraganeko zerbait izan dela   adierazteko eta erreparazioari ekiteko, indarrean dauden sufrimendu zantzu guztiak amaitu beharra dago. Sufrimendua eragiten jarraitzen baita, baita Oñatin ere. 

Sufrimenduaren aurpegi batzuk Alberto eta familiarenak dira. Martxoaren 10ean bete dira 2 urte Albertok Guardia Zibilaren atzaparretatik ihes egin eta herria utzi behar izan zuenetik. Ordutik, erbestean da Alberto, inguruko eta ia mendea bete duen aita Juanitorengandik urruti.

Joseba, Xabin, Xabier eta beraien familiarenak sufrimenduaren beste  aurpegi batzuk dira. Hilaren 29an beteko dira 25 urte Joseba polizia frantsesak atxilotu zutenetik.   Uztailean, aldiz, 20 urte beteko dira Xabier eta Xabin atxilo eraman zituztenetik. Hirurak ehunka kilometrotara daude.

Otsailean preso bat bisitatu ostean Sevillatik etxera bidean zela kotxe istripua izan zuen oñatiarrarena da beste aurpegi bat. Kotxean kalteak bakarrik jasan zituen; zorionekoa, beraz. Indarrean jarraitzen duen dispertsio politika kriminal hori besterik ez baita: zoria. Oraingo honetan, zoria onerako izan da, ez 2007 hartako abenduan bezala, zori txarrak Nati Junko herriko alaba eraman zuenekoa. Sufrimenduaren beste aurpegiak Nati eta familiarena.

Otsailaren 22an Angel Telleria oñatiko semea atxilotu zuten Mexikon eta Espainiaren esku utzi ostean Sotoko espetxean daukate preso. Beste aurpegi bat.

Oñatiko herritarren iritziak askotarikoak eta pluralak direla jakinik, guztion iritzia, guztion izaera eta guztion existentzia ere islatuko dituzten espazioak eta ekimenak sortzea ezinbestekoa da, Arantzazuko auzotarrek egin berri duten bezala, indarrean diren sufrimenduei amaiera ematea aldarrikatu eta etorkizuneko bake eszenatokia eraikitzeko bidean.

----------

Iosu Lizarralde

Oñati

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.