goiena.eus

"Gure lehen berba beti da euskaraz; Euskaraldian, nola ez"

Erabiltzailearen aurpegia   Euskara

Ostalaritza zerbitzuetako kideak eta merkatariak, Idoia Elexpuru, esaterako, hasi dira Euskaraldira batzen.

Euskaraldiaren erreka hazten eta hazten doa, hemendik hilabete barru uholde bihurtzeko ahalegin horretan, eta orain, merkatariengana eta ostalariengana hasi da iristen. Herriko lantaldeko kideak denda eta taberna guztietatik pasatuko dira egunotan Euskaraldiaren gaineko argibideak ematera. Eta konpromisotxoa ere eskatuko diete: ahobizi edo belarriprest rola hautatzea.

Euskaraz bizi

Durana kaleko Belar Meta arropa dendako Idoia Elexpuruk eta Uxue Erañak ez dute zalantzarik izan rola hautatzerakoan: ahobizi-ak izango dira. "Guk lehenengo berba beti egiten diegu euskaraz bezeroei, euskaraz bizi gara gu. Hortaz, zelan ez izan ahobizi", dio Elexpuruk. Onartu du berba asko egiten dutela dendara sartzen diren guztiekin, eta horien artean daude euskaraz ez dakitenak ere: "Herritarrek ondo dakite guk euskaraz jarduten dugula; hortaz, gurekin hala egiten saiatzen dira ohiturarik ez duten asko ere. Baina ulertzen ez dutela esanez gero, ez dago arazorik aldatzeko". Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den ariketa kolektibo horretan identifikatuta egongo dira herritarrak, eta horrek, asko lagunduko duela uste du: "Dendan pegatina izango dugu jarrita, eta paparrean txapa; hortaz, edonork jakingo du guk zein rol dugun". Eta ahobizi izatea hautatu edo belarriprest izatea hautatu, herritar guztiak Euskaraldiarekin bat egitera gonbidatu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa