DIA R dokumentala Antixenan

Erabiltzailearen aurpegia

Astebukaera honetan, Herrialde Katalanetatik bisita daukagu eskualdean. Zehazki, Bartzelonako probintziako Vilanoba i Geltru herritik etorriko dira hainbat lagun Debagoienera. Larunbatean Bergarara eta igandean Oñatira, Antixena gaztetxera, eguerdiko 12etan. Gure eskualdea bisitatzeko aitzakia, iaz, urriak 1eko erreferendumaren harira, haien herrian izan zituzten bizipenak biltzen dituen dokumentala aurkeztea da.

Guzti horretaz hitz egin dugu dokumentalaren egileetako, eta haien herriko CDRtako kide Ferriol Moyarekin (Vilanoba i Geltru, 1980).

 

Sorpresaz hartu zintuzten egun hartako biolentzia eta errepresioak? Eta ondoren etorritako atxiloketak Generalitate zein herri mugimenduetako kideei?

Pertsonalki nik ez nuen halakorik espero. Jakitun ginen Bartzelonako portuan polizia pila bat zegoela, baina hautestontziak kentzea eta atxilotu gutxi batzuk egotea baino ez genuen espero. Haien asmoa zalantzati zeudenak kikiltzea zela uste genuen. Orain gutxi, urriak 1aren harira polizia gutxi batzuei egiten ari zaizkien epaiketetan haietako batek bere jarrera justifikatu zuen, herritarren aurkako bortizkeria eta golpeak orokorrak izan zirela esanez.

Egun hartan sentimendu gora behera handiak eduki genituen. Goizean oso pozik ginan hautetsontziak beraien tokietan egotea lortu genuelako, eta arratsaldean, poliziaren bortizkeriaren beldur ginen. Dena den, egun amaierarako gure ideia eta ekintzekiko konbentzimendu osoz amaitu genuen.

Urriak 1eko gertakariek zein eragin izan zuten erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua osatzen zuen jendearen arteko harremanetan? Eta independentisten artean?

Zalantza gabe proiektu independentistarekiko konbentzimendua areagotu zigun. Are gehiago, esango nuke, urriaren 1aren ondoren, independentziarekiko zalantzak zituen jende asko atxikitu zela proiektu independentistara eta hirugarren bide baten aukera ikusten zuten askok ere albo batera utzi zuten ideia hori. Eta herri Katalanean erreferendumaren aldeko jarrera inoiz baino handiagoa izatea ekarri zuen.

Hainbat arrazoirengatik, erakunde Katalanek ezin izan zuten eskatzen zitzaiena egin. Zer eragin izan zuen guzti honek herri mugimendu eta erakundeen arteko harremanean?

Urriaren 1aren ondoren katalanetaz ilusoak izan ginela esan da. Neurri batean egia da. Hainbat euskal herritarrek esan digu ea ez ote genuen halako erreakziorik espero espainiar estatuaren partetik. Hala ere, guzti honek espainiar estatuaren aurpegi errepresiboa agerian utzi duela uste dut. Erakunde Katalanak ere inozoak izan zirela uste dut. Haiek uste zuten erreferendumaren ondoren espainiar estatuarekin negoziatuko ahalko zutela galdeketa legaletaz edota Espainia eta Kataluniaren arteko harreman berri batez. Eta estatuak bere indar guztiak 155a ezartzen eta lider independentistak atxilotzen jarri zuen. Alde horretatik, oinarri independentistak badu halako deskonfiantza bat erakundeetan, eta “onenak” kartzelan daudelarik, “ditugunekin” zer egin asmatuko ez dugun sentsasioa. Badago halako neke eta norabide ezaren sentsasio bat. Nik uste dut akatsa izan zela urriaren 3an independentzia ez aldarrikatzea, greba orokorrarekin eta beste kaleak beteta baitzeuden, eta ikusteke egongo zen Espainiak zela erreakzionatuko zuen. Baina guzti hau jada politika fikzioa baino ez da.

Zein norabide proposatzen dute orain CDRek?

CDRak ezinbestekoak izan ziren Urriaren 1eko galdeketa antolatzeko. Aurrez ezagutzen ez ziren bizilagunak hautestontziak lortu eta poliziaren aurrean defendatzeko elkartu ziren. Berdin urriaren 3ko greba orokorrarekin. Baina ez dira elkarte politiko egituratuak, eta hori bera da bere indargunea eta ahulgunea, horregatik zaila daukate modu konstaten batean jardutea. Orokorrean CDRen baitan ez dago inolako esperantzarik estatu espainiarrarekiko, eta gaur egun, urriaren 1eko eta 3ko batasuna lortzea dela asmoa esango nuke. Beste galdeketa bat lortu eta oraingoan bai, aurrera egitea. Baina hori nire iritzia baino ez da, CDRtan kide bezainbeste iritzi baitaude.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.