Aurreko Mendiko zelai batek su hartu du erretura baten ondorioz

Jon Irizar Aranguren 2021ko urr. 27a, 18:58

Goizean "erreturak egiten" aritu ostean, bazkalostean sua hartu du Aurreko Mendiko zelai batek; suhiltzaileek itzali behar izan dituzte garrak. 15:30ak bueltan gertatu da ezbeharra, eta 18:30ak arte aritu dira suhiltzaileak lanean. Ez da kalte fisiko eta materialik izan.

Aurreko Mendian gertatu da ezbeharra. 15:30ak jota, baserritarrak deitu du larrialdi zerbitzuetara, goizean egindako "erreturak zabaltzen" ari zirela eta. Aurreko Mendia leku malkartsua da, ibilgailuak bertaratzeko neketsua, eta Oñatiko udaltzainak, basozainak zein suhiltzaileak heldu direnerako garrek baserri aurreko zelaia zuten hartuta.

"Heldu bezain pronto" jarri dira lanean itzaltze lanetara hurbildu diren langileak; besteak beste, Oñati zein Legazpiko parkeetako hiru kamioitan eta bi autotan gerturatu diren suhiltzaileak. Sua baserri ondoko pinudira bidean zela, "pinudiak su ez hartzea izan da gure lehentasuna", adierazi dio Goienari suhiltzaileen arduradunak. Bere hitzetan, "lekua neketsua da, baina denboraz heldu gara, eta lortu dugu sua zelaian mantentzea". "Justu-justuan libratu dugu", gaineratu du basozainak, "garrak basora sartuko balira, askoz larriagoa izango litzateke eta ezbeharra".

Bi ordutik gorako lanaren ostean lortu dute garrak guztiz itzaltzea eta eremua kontrolpean uztea.

Aipatu, halaber, zelaian utzitako ondorioetatik harago ez dela kalte fisiko edo materialik izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak