Euspot lehiaketan lanak aurkezteko bi aste geratzen dira

Aitor Martinez Gorosmendi 2021ko mai. 3a, 15:31

Aurtengo spotak Nekazaritzatik bizi nahi dugu! leloa du eta gazteak animatu beharko ditu familia-nekazaritzatik bizitzera. Helburua da gazteak, eta horien artean bereziki emakumeak, landa eremura gerturatzea. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 12an bukatuko da eta sari banaketa ekitaldia hilaren 27an egingo dute, Arkupen; 2.800 euro banatuko dituzte saritan.

Euskarazko spoten sorkuntza bultzatzeko sortu zen Euspot lehiaketa. Aurtengoa, jada, 10. edizioa da eta landu beharreko gaia da Nekazaritzatik bizi nahi dugu!. Helburua da spot baten bitartez herritarrak kontzientziatzea eta bertako familia-nekazaritzari balioa ematea, ingurumenari eta gizarte jasangarritasunari ematen dion guztiagatik eta lehen sektorea indartzeko egiten duen lanagatik.

Lanen iraupena 30 segundokoa izan behar da, gehienez. Aurtengo berrikuntza izango da edozein formatutan grabatu ahal izango dela, hau da, horizontalean zein bertikalean.

2.800 euro saritan

Sei sari banatuko dira, guztira, Euspot-en hamargarren edizio honetan: spotik onena (1.000 euro), publikoaren saria (500 euro), musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro) eta gazteen saria (250 euro), 14 eta 18 urte bitartekoei zuzendutakoa. Horiekin batera, sari gehigarriak izango dira: MUko ikasleen spotik onena (500 euro) eta Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

HAZIren babesletza

Aurten HAZIk parte hartuko du babesle gisa. Horren helburua da Euskadiko lehen sektorearen eta elikadura-sektorearen, landa-eremuaren eta itsasertzaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna bultzatzea. HAZIk nahi du nekazaritzako elikagaien sektorean zerbitzurako tresna izatea, besteak beste landa-eremuaren eta itsasertzaren garapen iraunkorra, eremu horietako langileen profesionalizatzea eta produktuen kalitatean laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak