Lehen kutsatua Bergarako Mizpirualde egoitzan

Bergarako Mizpirualde egoitza

Pandemia hasi zenetik ez da kutsaturik egon Bergarako egoitzan. Hau da lehenengoa. Uztail erdialdean kutsatuta zegoen azken egoiliarra sendatu zenetik (Aretxabaletako GSR egoitzakoa), ez da beste diagnostiko positiborik egon bailarako egoitzatan. 

Donostiako Alain Etxen (bi), Errenteriako Jesusen Bihotzean (1) eta Bergarako Mizpirualden (1)  atzemandako lau positiboekin, 70 dira Gipuzkoan dauden kasu aktiboak. Horietatik hamahiru ospitaleratuta dauden egoiliarrak dira, eta beste 30 Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan ari dira artatuak izaten. Joan den abuztuaren 11n lehen positiboak atzeman zirenetik, hiru lagunek gainditu dute gaixotasuna, eta zortzi hil egin dira. Azkena, Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan bizi zen egoiliarra.

Horiek dira Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peñak gaur, eguaztena, egin duen agerraldian emandako datuak.

Prebentzioaren garrantzia

Era berean, agerraldian azpimarratu du koronabirusari aurre egiteko gakoa prebentzioa dela: "Horregatik, birusaren eragina murrizteko prebentzio neurriak indartzen eta egokitzen jarraituko dugu".

Era berean, orain arte hartutako neurrien errepasoa egin du Peñak: Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa egokitzea eta Gipuzkoako gizarte zerbitzu eta baliabideetan COVID-19ari aurre egiteko Txoke Planaren barruan aktibo dagoen zaintza eta alerta sistemak. Sistema horrek koronabirusaren eragina ebaluatuko du, jarduera-protokoloak diseinatzeko eta egokitzeko.

Gaineratu du Zaintza eta Alerta Sistemak honako hauek sustatzen dituela: prebentzio-planak berrikustea, prebentziozko PCR probak masiboki egitea, babes-elementuak hornitu eta banatzea, ikuskapenak eta aholkularitza indartzea, Prestakuntza Plan bat egitea, eta baliabideak irekitzea eta egokitzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.