Aldundiak egin duen inkestaren arabera, ekonomia da gipuzkoarren kezka nagusia

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 27a, 14:28
Eider Mendoza ikerketaren aurkezpenean. Iturria: Irekia

Galdetegia erantzun duten hamar herritarretik bederatzik uste du COVID-19aren pandemiak Gipuzkoako ekonomiari "modu agerikoan" kalte egin diola. Bestetik, inkestaren arabera, herritarrek "modu positiboan" baloratu dute erakundeen transparentzia.

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak azaldu duenez, maiatzaren 11tik 20ra egin du inkesta Grupo de Análisis e Investigación enpresak, eta 850 herritarren itziak jaso dituzte telefono bidez. 'Herritarren pertzepzioaren analisia konfinamenduaren deseskalatzearen hasieran' da ikerketaren izena, eta emaitzak aurkeztu dituzte gaur.

Emaitzak aztertuta, gipuzkoarren kezka-iturri "agerikoena" krisi ekonomikoa dela azaldu du Mendozak, eta Aldundiak horri erantzun beharko diola: “Ekonomia-sustapena gure lehentasunen artean ardatz izateko beharra erakutsi dute inkestaren emaitzek”. Mendozak esan duenez, galdetegia erantzun duten hamar herritarretik bederatzik uste du COVID-19aren pandemiak Gipuzkoako ekonomiari "modu agerikoan" kalte egin diola, eta %53,9ren arabera, ekonomiaren lehiakortasunak izan behar duela Gipuzkoaren "lehentasun nagusia".

Alderdi ekonomiaz gain, bestelako gaiak ere jorratu dira galdetegian eta gipuzkoarrek  iritzia ezagutzeko. Adibidez, krisialdian erakundeek egindako lanaren inguruan galdetu zaie herritarrei, eta Mendozak azaldu duenez, administrazio guztiek gainditzen dute froga transparentziaren alorrean: "Udalek 5,9ko nota jasotzen dute; Foru Aldundiak, 5,5ekoa; Eusko Jaurlaritzak 5,4koa; Estatuko gobernuak, 5ekoa". Bestetik, beste hainbat kolektibo ere baloratu dira, eta, zientzialariek jaso dute kalifikazio onena (8,2), atzetik suhiltzaileak (8,1), Osakidetza (7,8) eta enpresa txikiak dituztela (7,6).

Hauteskundeen inguruan ere galdetu dute

Uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako bozei dagokienez, ikerketaren emaitzen arabera, lagina erantzun duten herritarren %45 ez dago deialdiarekin ados, eta alde agertu direnak %24 izan dira. Foru hauteskundeetako boto intentzioari dagokionez, berriz, EAJk irabaziko lukeela adierazi du Mendozak –nahiz eta 1,5 puntuko jaitsiera izan–. Bestetik, EH Bildu izango litzateke bigarren indarra, –0,5 puntuko atzerakadarekin– eta PSE-EE 1,2 puntu igoko litzatekeela ere esan du bozeramaileak. Bukatzeko, ikerketak adierazi duenez, abstentzioak lau puntu egingo luke gora, iazko foru hauteskundeekin alderatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak