EAEko udalerriek Eudelen laguntza jasoko dute maskara kirurgikoak eskuratzeko

Uxue Igarza Loiola 2020ko api. 22a, 14:10
Maskarak loteka antolatuta (Irudia: EUDEL)

Euskadiko Udalen Elkarteak 300.000 maskara banatuko dituela jakinarazi du, batez ere, herri txikiei laguntzeko. Ondoren, udal-gobernu bakoitzak izango du maskaren banaketa nola egin erabakitzeko autonomia. Gipuzkoan 107.000 banatuko dira 89 udalerritarako.

Erosketa Eusko Jaurlaritzarekin batera egin du Udal Elkarteak osasun-materiala erosteko azken operazioaren barruan. Arabako udalerriek 43.750 ale jasoko dituzte guztira; Bizkaian 145.000 ale banatuko dira, eta Gipuzkoan, berriz, 107.000 ale. Materiala loteka antolatu dutela azaldu dute, eta hortaz, biztanleriaren tamaina kontuan hartuta egingo dela banaketa –biztanle gutxien dituzten udalerrietan maskarak emango direla bermatuta–.

Gorka Urtaran EUDELeko buruak adierazi duenez, udalerriek egindako eskaerari erantzun nahi izan diote; bere hitzetan, batez ere herri txikiek ez dute “baliabiderik”, eta horrenbestez, kanpoko merkatura modu autonomoan iristeko “gaitasunik” ere ez. Behin maskaren banaketa eginda, udal-gobernuek erabakiko dute babesgarriak zein koletiborentzat izango diren.

Alkateak, “borondate onez” ari dira maskarak lortzen Urtaran elkarte-buruak azaldu duenez, baina ez omen dituzte hornitzaileak ezagutzen eta ezta produktuaren “kalitatea eta erabilgarritasuna” ere, eta horrek agintariak kezkatzen dituela esan du.

Bestetik, maskaren kalitateaz gain, horiek lortzeko zailtasunak ere agerikoak direla azaldu du Urtaranek, eta espekulazioak materiala zuzenean erostea oztopatzen duela gehitu du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak