Bateratasuna "lezio" hartzea gurako luke Euskal Herria Baterak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko api. 13a, 10:04

Aurtengo Aberri Egunerako egindako deialdiarekin "oso pozik" daudela adierazi du Euskal Herria Batera ekimeneko bultzatzaileetako bat den Mikel Irizarrek. "Komunitatea geratu da identifikatuta etorkizuneko lan esparru komun gisa", gaineratu du. Aurtengoak jarraipena izatea gurako lukete, "bateratasuna" lezio hartuta.

Euskal Herria Batera ekimenak aurtengo Aberri Egunaz egindako deialdia "arraskastaz" pasa dela adierazi du. "Bateratasuna" ikusi dela dio: "Aurtengo Aberri Egun bereziak erakutsi du Euskal Herrian ere posible dela bateratasuna. Aski izan da herritar talde txiki batek aukera eskaintzea, Euskal Herri osoan milaka herritarrek batera keinu bat egiteko, eta hainbat gizarte eragile, alderdi eta sindikatu ere ekimenarekin bateratzeko". Gaineratu du gizarte konplexuetan handia dela aniztasuna eta zail bihurtzen dela batasuna, helburu bakarra
eta ibilbide bera partekatzea. "Posibleago da bateratasuna, jomugak hurbiltzea eta ibilbideak sinkronizatzea, tarteka batera jardunda elkar indartzea eta komunitatea aniztasunaren gainean eraikitzea".

Mikel Irizar bozeramaileak ere horixe aipatu du Aberri Egunak emandakoaz galdetuta: "Egunaren irakurketa ezberdin bat proposatu dugu, termino berritzaileetan, eta komunitatea geratu da identifikatuta etorkizuneko lan esparru komun gisa. Eta hori lortu dugu egun gutxitan eta baliabide gutxirekin. Beraz, pozik gaude emaitzarekin. Espero dugu eragina izatea eta aurrerantzean joera batzuk aldatzea". Euskal Herria Baterak dio Euskal Herria "komunitate" bat izatea gurako luketela,  "erabakimena eta eskubide politiko guztiak dituena, osatzen dugun kideoi duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko".

Aurrera begira, Mikel Irizarrek adierazi du aurtengo Aberri Egunera lanean ibili diren Euskal Herria Baterako kideen lana hemen bukatu dela: "Talde honen zeregina amaitu da, hemendik aurrerakoa denborak esango du". Zer gura duten, baina, adierazi dute: "Aurrera begira, bateratasuna areagotuko duen herrigintza behar du Euskal Herriak, etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izango den komunitatea trinkotzeko". Ildo horretatik hauxe gaineratu dute: "Izan bedi bateratasuna 2020ko Aberri Egunaren lezioa, eta izan beza jarraipena hurrengoetan".

Argazkiak bidaltzeko deia ere egina zuen Euskal Herria Baterak, mosaiko bat osatzeko. Domeka eguerdirako 5.200 argazki jasota zituztela adierazi dute.

Erlazionatuak

Ikurrinak balkoietan Aberri Eguna ospatzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2020 api 12 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak