Unai Elkoro: "Daukagun potentzialari etekin handiagoa atera beharko genioke"

Eneko Azurmendi 2019ko uzt. 26a, 13:31
Unai Elkoro, Debagoieneko Mankomunitateko presidentearen bulegoan.

Amaitzear den agintaldi honetako presidente izan da Unai Elkoro Debagoieneko Mankomunitatean, eta, lau urte hauek emandakoaren balorazioa egiteaz gain, aurrera begirako erronkez ere egin du berba.

Debagoieneko Mankomunitate berria irailean eratzea espero dute. Elkorok azaldu duenez, asmoa uztailean eratzea zen, baina, azkenean, Eskoriatzako eta Oñatiko ordezkariak aste honetan izendatu dituzte, eta irailera atzeratu beharko dute.

Nola baloratzen duzu agintaldia?

Lehenengo bi urteak nahiko gogorrak izan ziren, lan askokoak. Hondakinen kudeaketan aldaketa asko egin behar izan genituen. Lehenik, Bergara eta Eskoriatzako edukiontzien aldaketa, eta gero, Aretxabaletakoa. Aldaketak egin berritan, gainera, kontratua berritu behar izan genuen, lehengo enpresak ez zuelako jarraitzen. Hori egonkortzen nahiko lan eduki genuen, baina lortu genuen, eta bukaerarako Aretxabaletako Udalari denbora gehiago eskaini ahal izan diot, honek denbora asko kentzen baitzidan hasieran.

Zer nabarmenduko zenuke bukatzear den agintaldi honetatik?

Aurreko urteekin alderatuta, istilu gutxiago eduki ditugula nabarmenduko nuke. Ordezkari ezberdinak gaude, eta bakoitzak bere sistemak dauzka, baina liskar handirik ez dugu eduki. Edozein mankomunitateren helburua da baliabideak optimizatzea, eta, daukagun estrukturarekin, askoz gehiago aprobetxatu dezakegu, potentzial handia daukagulako. Esaterako, jaietarako materiala, antzeztokiak, eta abar, herri bakoitzak bereak ditu, baina askoz logikoagoa litzateke Mankomunitateak edukitzea, herri guztien erabilerarako. Kontuan izan behar da estruktura administratiboa ere dezentekoa dela. Finean, beste udal bat da hau, nahiz eta funtzio gutxiago eduki. Beraz, potentzial horri etekin handiagoa atera beharko genioke aurrerantzean.

Gizarte zerbitzuen mapa osatzen ere bazabiltzate.

Gizarte zerbitzuen dekretuak dio zerbitzu zehatz batzuk eskubide subjektiboak direla dela, eta legez badagozkio norbanakoari. Hala ere, une hauetan gu ez gara gai herritar guztiei zerbitzu hori eskaintzeko. Beraz, eskari hori betetzeko helburuarekin mapa batzuk garatu genituen. Bi zerbitzu mota daude: udal eskumenekoak eta Diputazioaren eskumenekoak. Udal zerbitzuetarako, eskualde mailako mapa bat eratu genituen. Helburua da, ditugun baliabideekin zerbitzu batzuk ezartzea. Horretarako, egoeraren azterketa bat egin dugu, eta aurrera begira estimazio bat, ze behar izango ditugun jakiteko. Hor inbertsioak egitea tokatuko da eta asmoa da herri bakoitzak bereak egin beharrean, mankomunitatetik egitea, baita kudeaketa ere. Berez mankomunitateak ez du horretarako eskumenik eta herri bakoitzak eman beharko genioke eskumen hori. Lan zailena hori izango da.

Hondakinen kudeaketari dagokionez, eman al da aurrerapausorik?

Lan handia egin behar izan dugu, berrantolaketa handia, baina orain, ondo funtzionatzen ari da. Egia da ekonomia hobetzen joan den heinean zabor gehiago sortu dela. Era berean, Internetetik erosteko joera handia dago eta enbalajeko kartoiaren kontsumoa igo egin da, besteak beste; errefusa ere bai. Hala ere, uste dut gorenean gaudela; bestela, ezin izango dugu-eta horrenbeste zabor kudeatu. Bilketa selektiboari dagokionez, %78 ingurukoa da, eta esfortzua egin beharko dugu hori mantentzeko.

Ze erronka izango dituzue irailean hasiko duzuen agintaldian?

Epeleko zabortegia bete egingo da eta erabaki egin beharko dugu handitu edo itxi. Handitzea ez dugu bideragarri ikusten, eta logikoena ixtea izango litzateke. Horrek gastu handia ekarriko digu. Beste erronka bat gizarte zerbitzuen mapari behar bezala heltzea izango da. Azkenik, zerbitzu gehiago eskaintzeko ahalegina ere egin beharko genuke.

 

Mankomunitate berriko ordezkariak

Debagoieneko Mankomunitateak 16 ordezkari ditu, eta herrien biztanle kopuruaren arabera aukeratzen dituzte horiek. Hala, Arrasatek lau ordezkari ditu, Bergarak eta Oñatik hiruna, Aretxabaletak bi eta Eskoriatzak, Antzuolak, Elgetak eta Gatzagak bana. Azken horretakoak karguan jarraitu beharko du udal berria eratu arte. Ordezkariak aukeratzea herri bakoitzeko udalbatzari dagokio, eta baldintza bakarra da zinegotzi izatea. EH Bilduk gehiengoa izango du agintaldi honetan, eta presidentea ere alderdi horretakoa izango da. Juntakideek erabakiko dute zein izango den, eta ondorengo hauek izango dira:

Arrasate - Maria Ubarretxena (EAJ)
                Ander Garay (EAJ)
                Maitane Muñoz (EAJ)
                Aritz Murua (PSE-EE)


Bergara - Gorka Artola (EH Bildu)
                Ainhoa Lete (EH Bildu)
                Kristina Markina (EH Bildu)


Oñati - Maite Anton (EH Bildu)
            Izaro Elorza (EH Bildu)
            Anik Zubizarreta (EH Bildu)


Aretxabaleta -Unai Elkoro (EAJ)
                       Ainhoa Cabero (EAJ)

Antzuola - Beñardo Kortabarria (EH Bildu)


Elgeta - iraitz Lazkano Garitaonandia (EH Bildu)


Eskoriatza - Joxerra Zubizarreta (EAJ)


Leintz Gatzaga- Juanito Bengoa (LGHE)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak