Ia 60 komertzioren eta eragileren babesa jaso du Torreauzoko krosak

Eneko Azurmendi 2019ko eka. 24a, 09:44
Zuazola Larrañako ZIG gelako ikasleek egindako koaderno eta loreontziak izango dira oparietako batzuk. Argazkia: Abixaran.

Datorren ekainaren 30ean egingo dute Abixaran taldeak laugarrenez antolatuko duen Torreauzoko krosa. Ia 60 komertzioren eta eragileren babesa lortu dute antolatzaileek, Oñatikoak zein kanpokoak, eta horietako bakoitzak opari bat jarriko du zozketatzeko.

Lasterketaren ostean banatzen dituzten sari eta opariengatik da ezaguna, gehienbat, Torreauzoko krosa, eta aurten ere berretsi egingo dute hori. Izan ere, dagoeneko ia 60 komertzioren eta eragileren babesa lortu dute Abixaran taldekoek. "Oñatikoak dira gehienak, baina kanpokoak ere baditugu, eta pozgarria da hori guretzat. Donostiako La Perlak, adibidez, opari bat eman digu", azaldu du Miren Urkiolak, Abixaraneko kideak.

Babesa eskatzerakoan, ez dute dirurik eskatzen, Urkiolaren esanetan. "Nahiago dugu opariren bat ematen badigute. Komertzio bakoitzak bere oparia ematen du: izan daiteke bazkari bat, masaje bat, ile mozketa bat, gosari bat… komertzio motaren arabera", dio.

Modu horretan, parte-hartzaile askok opariren bat eraman ahal izango dute etxera. "Oso giro polita sortzen da zozketaren unean, ea bakoitzari zer tokatuko, eta horrek egiten du berezi kros hau. Gero, gainera, txorizo egosia eta patata-tortilla pintxoak egoten dira parte-hartzaile zein ikusleentzako".

Emakumeen parte-hartzea eta taldekakoa

Abixaranek hasieratik bultzatu izan du taldekako parte-hartzea eta emakumezkoena. "Guk modu horretan funtzionatzen dugulako. Nagusiki, emakumezkoak gara taldean, eta korrika egiteko ekartzen gara noizean behin. Korrika egitea askoz ere atseginagoa da konpainiarekin bazoaz. Beraz, hori sustatu gura dugu", azaldu du Urkiolak.

Aurreko edizioetan erantzun ona izan du horrek, eta taldekako parte-hartzea handia izan da. "Batzuk talde handiagoak dira eta beste batzuk txikiagoak, eta horien artean sari bereziak zozketatzen ditugu, sustatu gura dugunaren arabera".

Sariei dagokienez, lehenengo hiru emakumezkoek eta lehenengo hiru gizonezkoek jasotzen dute saria, eta baita lehenengo emakumezko oñatiarrak eta gizonezko oñatiarrak ere. Horiez gain, zozketa bidez, sari ugari banatzen dituzte, aipatu moduan.

Izen-ematea zabalik dago

7,5 kilometroko lasterketa izango da, eta Mendizabal kirol dendan, Aloña Mendi tabernan eta www.herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena. Egunean bertan ere 10:00ak arte izena eman ahal izango da –lasterketa 10:30ean hasiko da–. Taldeka izena emateko aukera bezperara arte egongo da, ekainaren 29ra arte, eta egunean bertan ezin izango da. Taldeka parte hartzeko, gutxienez, hiru pertsonako taldea izan beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak