Jai integratzailea ospatuko dute bihar

Maider Arregi 2019ko mai. 17a, 09:00

Aurtengo San Isidro jaia berezia izango da. Izan ere, Debagoieneko Atzegi Eguna eta Artzainen Eguna ere ospatuko dira bihar Antzuolan. Hala, baserritarren egun handia integratzailea ere izango da; askotariko ekintzez gozatzeko aukera egongo da.

San Isidro jaiak esanguratsuak izan dira antzuolarrendako. "Sasoi batean, ikaragarrizko indarra zuen eta egunean bertan ospatzen zen, maiatzaren 15ean, alegia", gogorarazi du Beñardo Kortabarria alkateak. Orain, jaia asteburura pasata dago, eta bihar, zapatua, egingo dira baserritarren eguneko ospakizunak. Aurtengoa, baina, berezia izango da, baserritarren jaiari Debagoieneko Artzainen Eguna eta Atzegi Eguna ere batuko zaizkio eta. Hala, artzaintzarekin zerikusia duten ekintza ugari antolatu dituzte elkarrekin Antzuolako Udalak eta Debagoieneko Artzainen Eguneko antolatzaileek. Atzegizaleak ere batu dira ospakizunera, eta festa integratzailea izango dela aurtengoa aurreratu du Kortabarriak: "Antzuolan euren bazkaria eta batzarra egin izan dute, eta aurten elkarrekin bazkaldu eta dantza egitea proposatu genien. Helburua da jai integratzailea egitea bihar".

Omenaldia herriko artzainei

Aurten, 75 urtetik gorako herriko hiru artzain omenduko dituzte: Altzetako Patxi Lete, Lamañoko Joxe Jauregi eta Egurribai baserriko Matilde Ortueta. "Hiru baserritar hauek betidanik izan dute artaldea baserrian; gazta ere egin izan dute eta euren ingurukoek jarraipena eman diote, gainera, baserriko lanari eutsiz. San Isidro eguna indartzeko asmo horrekin antolatu dugu omenaldia, eta pixkanaka egun hau bere izaera finkatzen ere bada-bil azken urteetan", azpimarratu du Antzuolako alkateak. "Ekintzak aste barrura ere igaro ditugu, esan moduan, festa indartuz joateko. Aurten, gainera, ohiko bertso saioa egin beharrean, bertso-kalejira egingo dugu herritarrengana iristeko". Aipatu behar da herriko artzain gazte batek 30 buruko artaldeari ilea moztuko diola herritarren begiradapean.

San Isidro eguneko egitaraua

Goizean, baserritarren ganadu eta barazki postuak egongo dira. Baita artisauenak ere.

Maiatzak 17, egubakoitza

• 19:30 Bertso-kalejira Miren Amurizarekin eta Beñat Gaztelumendirekin, Zurrategin.

Maiatzak 18, zapatua

• 09:30-12:30 Bildotsak erre, eta pintxoak banatuko dituzte.

• 11:00 Salda eta txorizoa Trekutzen.

• 11:45 Atzegi Eguneko Asanblada, Olaranen.

• 12:00 Txakolin-dastaketa, Buztinzuri inguruan.

• 11:00 Gatzatua egiteko tailerra, herriko plazan.

• 11:00 Artiletik harira tailerra, herriko plazan.

• 11:00-12:30 Ahariaren pisua asmatzera.

• 12:30 Omenaldia 75 urtetik gorako herriko artzainei.

• 13:00 Aizkolariak, Zurrategin.

• 14:30 Herri-bazkaria, patioan, Nafarroa Kanta Taldearekin.

• 18:00 Emakumezkoen Pilota Txapelketako finalak, Udal Pilotalekuan.

• 21:30 Fan&Go taldearekin erromeria, Zurrategin.

• 23:00 Kontzertuak, gaztetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak