Puntaik Punta jaialdia maiatzaren 1etik 5era egingo dute Eskoriatzan

Mirari Altube Arrese 2019ko mar. 18a, 17:30

Gaur, martxoak 18, aurkeztu dute Debagoieneko Mankomunitateko, Eskoriatzako Udaleko eta Foru Aldundiako ordezkariek laugarren Debagoieneko Bidezidorren Jaialdia. Maiatzeko lehen bost egunetan mendi irteerak, ibilaldiak, bisita gidatuak, ikastaroak, kontzertuak eta askoz gehiago izango dira Eskoriatzan.

Debagoieneko bidezidorrak eta ibilbideak ezagutzeko eskaintza zabala gertatu dute oraingoan ere, hasi Arrasaten Leintz Gatzagara artekoak; besteak beste, Atxorrotx inguruko parajeak, Lezetxiki, Latabidea eta Mandobidea. Intxortako ibilbidera (Elgeta) eta Arantzazura bisita gidatuak ere sartu dituzte eskaintzan, baita ikastaroak ere, hala nola, orientazio eta kartografia tailerrak eta nordic walking saioak. Horren guztiaren berri izateko eta izena emateko hemen bidea: puntaikpunta.turismodebagoiena.com

Kontzertu asko eta umeendako ekitaldiak

Inguruko parajeak ezagutzeko aukera kultur emanaldiekin osatuko dute. Hala, maiatzaren 3an, egubakoitza, Kantu kolore taldearen ikuskizuna izango dute umeek, eta helduek, Rock Kalean, The Potes eta Roba Estesa taldeen emanaldiak. Zapatuan, maiatzaren 4an, ostera, Olatz Salvador, Jasan, Foisis jaunak, McOnak eta DJMotoren emanaldiak izango dira, besteak beste. Eta domekan, Joselu anaien erromeriarekin emango diote bukaera asteburuari.

Egitarauan agertzen diren ekintzez gain, beste bi ere nabarmendu behar dira: batetik, Karmelo Oñateren Ura, lurra, bizitza margotzen! erakusketa egongo da ikusgai Ibarraundin, maiatzaren 3tik 5era. Bestetik, maiatzaren 4ean eta 5ean, Xendazaletasun Azoka egingo dute –artisautza azoka, rokodromoa, oreka tailerrak, ohe elastikoa, eta abar–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak