Aitor Fernandez: "Levantera iritsitakoan esan nuen talde honek elitean jokatzeko aukera emango zidala, eta bete da"

Xabier Urtzelai 2019ko ots. 7a, 21:00
Aitor Fernandez Abarisketa, debutaren osteko lehen elkarrizketan. Irudia: Levante UD

Aitor Fernandez Abarisketak joan den zapatuan egin zuen Lehenengo Mailan debuta. Arrasatekoak Numantziatik Levantereko bidea hartu zuen udan, eta Kopan txukun jardun eta gero ligan eman diote aukera. 0-0 egin zuten Getafen.

Aitor Fernandez Abarisketari (Arrasate, 1991) inork ez dio inoiz ezer oparitu. Athleticeko harrobiak ematen duen berotasunari muzin egin behar izan zion gaztetan, Baskonian eta Athletic B taldeetan jokatu eta gero, eta Vila-realeko bigarren taldearen aldeko apustua egin zuen elitera bidean beste geldialdi bat egiteko –futbolak ematen dituen bueltak, handik etorri zaio aurten Levantera joateko aukera–. 

Vila-realen ez zituen lehenengo taldeko ateak irekita aurkitu. Lehenengo taldearen deialdietan egon zen, baina ez zuen debutik egin, eta lau urtez ibili zen Bigarren B Mailan jokatzen, atezain moduan formatzen (2012-2016). Hala, Mediterraneo aldean egindako azken urteak –39 partidu jokatu zituen– ireki zizkion Bigarren A Mailako ateak. 

Heldutasuna, Sorian 

Heldutasuna Sorian iritsi zitzaion. Han konturatu zen oraindik ez zegoela Lehenengo Mailan jokatzeko gertu, pausoak bananbanan eman behar direla, alegia. Eta zera aitortu zion GOIENAri, konturatzen zela Vila-realen zegoenean oraindik gazteegia zela orduan horrenbeste amesten zuen saltoa emateko: "Ez zen nire momentua, ez nengoen prest". 

Hain zuzen, bi urte egin zituen Numantzian, 2016tik 2018ra. Lehenengo, Marokoko atezain titular Munirren itzalean, baina hari postua kendu eta Arrasatekoa iaz kategoriako atezain nabarmenetakoa izan zen, taldeko erreferenteetako bat bilakatuta –jardunaldiko atezain onena izendatu zuten zenbaitetan–. Eta, hala, urte batzuk lehenago Vila-realeko harrobian entrenatzaile izan zuen Paco Lopezek eman dio orain Levanten Lehenengo Mailan debuta egiteko aukera: "Levantera etorri nintzenean esan nuen talde honek elitean jokatzeko aukera eman behar zidala, eta, zorionez, halaxe izan da".

Levanteren apustua sendoa 

Arrasatearrak udan hartu zuen Soria utzi eta Levantera joateko erabakia. Tartean, Realak Asier Garitano fitxatu zuen, eta Rulliren etorkizuna ez zegoen batere garbi. Talde txuri-urdina arrasatearraren atzetik ibil zitekeela ere zabaldu zen, baina inork ez zuen pauso erabakigarririk eman, eta Fernandezek garbi ikusi zuen: "Hasieratik niregatik apustu sendoa egin duen taldera etorri izan gura dut".

Erabaki horretan pisu handia izango zuen Paco Lopezek Arrasatekoa gertutik ezagutu izanak –2014an egon ziren elkarrekin–: "Nire gaineko erreferentzia onak eman zituen klubean eta zerikusia izan zuen nire fitxaketan. Behin taldera iritsita, lehengoa izaten jarraitzeko eskatu zidan, eta gogor lan egiteko".

Kopako lan onak saria izan du

Orain artean ligan Oier Olazabalek defendatu du Levanteren atea, baina, duela 15 egun Sevillaren kontra 5-0 galdu eta gero, entrenatzaileak orain artean Kopan oso txapelketa txukuna egin duen Aitor Fernandezi eman dio aukera: "Debut eguna ez dut berehalakoan ahaztuko. Uste dut partidu ona egin genuela Getaferen kontra, kontrario gogorra da, jokatzeko aukera handirik ematen ez duena, eta atea hutsean mantenduta puntua ona da guretako (0-0), helburua lortzeko pauso bat gehiago eman dugulako". 

Datozen bi partiduak etxetik kanpora jokatuko ditu Levantek, eta aurreikustekoa da entrenatzaileak jarraikortasuna emango diola arrasatearrari; Alavesen eta Celtaren kontra jokatuko dute: "Burua Gasteizen dugu jada. Kontrario gogorra da, baina garaipenaren bila goaz".  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak