Izaskun Arriaran: "Eman nahi dugun laguntza erabaki politiko baten menpe dago"

Jokin Etxebarria 2019ko ots. 1a, 11:16
Izaskun Arriaran, kameren aurrean, Aita Mari ontziarekin bizi duten egoera kontatzen

Izaskun Arriaran aramaioarra Itsas Laguntza Humanitarioa elkartearekin boluntario lanetan dabil; hain zuzen ere, 'Aita Mari' ontzia erreskaterako prestaturik daukate, baina Gobernuak ez die itsasoratzeko baimenik ematen

Zumaian jaio zen Jose Maria Zubia, Aita Mari ezizenez ezaguna zena. Txalupa bateko patroi, famatu egin zen Donostian, arazotan zeuden arrantzaleei ematen zien laguntzagatik. Haren omenez, Itsas Laguntza Humanitarioa elkarteko kideek Mediterraneo itsasoan arazoekin dabiltzan etorkinei laguntzeko espresuki antolatutako ontziari Aita Mari izena jarri zioten.

Ontzia prest dago lanerako, baina itsasoratzeko baimenik ez diote ematen. Aita Mari-rekin boluntario lanean dabilenetako bat da Izaskun Aranbarri aramaioarra, eta inpotentzia galanta daukatela dio: "Arazoa zernolako larritasunera iristen dabilen ikusita, izugarrizko lana egin dugu ontzia ondo prestatzen, eta, azken finean, eman nahi dugun laguntza erabaki politiko baten menpe dagoela ikusita, ezintasun galanta daukagu gainean. Gainera, ez da ulertzen erraza Aquarius ontziari baimena eman eta bai Open Arms-i eta baita guri ere ukatzea. Jarri dizkiguten argudioek, gainera, ez dute ez hankarik ez bururik".

Itsasoko legea

Itsasoko legeak dio naufrago bat erreskatatuz gero, itsas mila gutxien ibiliaz portu seguru batera eraman behar dela. "Hori da beraien eskubidea, etorkina izan edo ez, eta ez dabiltza legea betetzen. Guk arazo hau nolabait ikusarazi nahi genuen. Egoera oso larria da, jendea itsasoan hiltzen ari da eta, azken egun hauetan, jendea Libiara berriz bueltan nola bidaltzen duten ikusi dugu".

Ezin itsasoratu, baina aldeko erabaki bat etorri zain, Mediterraneotik gertuago egon nahian, Pasaiatik atera da Aita Mari; oraingoz, Mallorcara bidean.

'Aita Mari'-tik, Kios-era

Izaskun Arriaranek bere oporrak baliatzen ditu boluntario lanak egiteko, eta, Aita Mari-rekin ezin itsasoratu dela ikusita, Kiosko –Grezia– errefuxiatu kanpamentura joatea erabaki du. Han, 2015etik garatzen ari diren proiektuaren arduraduna da.

1.500 errefuxiatutik gora daude irla greziarreko kanpamentuan eta bertan bizi duten egoera larria da: "Guk gaixo dauden errefuxiatuak artatzen ditugu, baina bertan bizi dena oso gogorra da. Ur edangarririk ez dago, janari eskasia ikaragarria da eta gaixotasunak eguneroko kontu dira. Bost graduko tenperaturarekin egin dugu lo azken egunetan kanpin dendetan... Euskal Herritik laguntza iristen zaigu, baina, hau zuzenean ikusi arte, ezin da benetan ulertu zer gertatzen den hemen". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak