EIT Climate-KIC erakundearen eskutik, klima aldaketa hizpide

Amaia Zabala 2019ko urt. 25a, 09:57

Debagoiena Entzuten Lankidetza Sarea eta klima aldaketa eta berrikuntza lantzen dituen Europako EIT Climate-KIC erakundea elkarlanerako bideak aztertzen ari dira, atzo eta gaur, Arrasaten egiten ari diren jardunaldietan.

Bailarak dituen erronkei elkarrekin erantzuteko helburuarekin Debagoienean sortu berri den Debagoiena Entzuten Lankidetza Sareko kideekin elkartu dira klima aldaketan eta berrikuntzan erreferente diren Europako EIT Climate-KIC erakundeko kideak. 

Debagoiena Entzuten Lankidetza Sarea

Debagoiena Entzuten Lankidetza Sarea 2019an bailaran jaio den proiektu "sozial eta berritzailea" da. Helburua da Debagoienak dituen erronka nagusiei erantzuna ematea, garapen komunitarioa eta lankidetza ardatz. Alegia, etorkizuneko erronkak identifikatu –klima aldaketarekin, populazioaren zahartzearekin, berdintasunarekin, lanarekin, eta abarrekin lotutakoak– eta haiei erantzunak emateko moduak bilatzea. Erantzun horiek proiektu zehatzetan gorpuztuko dira. Batzuetan, sortu egingo dira; beste batzuetan, daudenak bultzatu eta indartu.

"Proiektu berriak sortuko dira lankidetza sarearen bueltan, baina egin behar duena da gaur egun egiten diren hainbat gauza balioan ipini"

Fagor Taldeko eraldaketa sozialeko arduradun eta Debagoiena Entzuten Lankidetza Sareko kide Aritz Otxandianok azaldu duen moduan, "proiektu jakinek eraldatuko dute gizartea. Proiektu berriak sortuko dira lankidetza sarearen bueltan, baina egin behar duena da gaur egun egiten diren hainbat gauza balioan ipini, gaur egun badaudelako proiektu berritzaileak martxan. Seguru asko, ez dira harremanetan egongo edo ez dira kontziente izango gizarte ikuskera jakin bat partekatzen dutela. Hain zuzen, lankidetza sareak egin gura duena da ekimen horiek harremanetan ipini, sinergiak baliatu, elkarlana sustatu eta astiro etorkizuneko ikuskera partekatu hori eraikitzen joan".

Metodologia berritzaileak

Helburu horiei erantzunak emateko bidean, metodologia berritzaileak erabiliko dira, komunitatearen inplikazioa lortze bidean nazioartean emaitza onak ematen ari direnak. Horretarako, komunitatearen entzute sakona oinarri duten metodologiak erabiliko dira. Gizarteak zer esaten duen entzun, zein kezka eta behar dituen, horiei erantzunak emateko proiektuak sortzeraino. "Bailaran zein iritzi dauden, herritarrek bailara nola ikusten duten, zeintzuk diren lehentasunak, erronka globalekiko zein den euren pertzepzioa, hori guztiori entzun behar dugu ondo, gero irtengo diren proiektuek benetako inpaktu bat izan dezaten", dio Otxandianok.

"Proiektu eta erabaki estrategikoak jendeak esaten duen hori kontuan hartuta diseinatu behar dira"

Agirre Lehendakaria Centerko ikerketa eta berrikuntzako zuzendari Gorka Espiauk adierazi duenez, "parte-hartzearen alorrean joera berriek herritarrei entzuteko mekanismo berriak eskatzen dituzte. Nola lortu jendeak benetan bere beharrak entzuten direla sentitzea? Proiektu eta erabaki estrategikoak jendeak esaten duen hori kontuan hartuta diseinatu behar dira, eta ez aldez aurreko iritzietan oinarrituta". 

Ekimen berri horretan, entzuteak izango duen pisua berebizikoa da, eta, hortik, taldeari emaniko izena: Debagoiena Entzuten Lankidetza Sarea. 

Lankidetza da bidea

Sareak lankidetza sustatzea ere badu helburu, Debagoienean komunitatearekiko konpromisoa izan dezaketen elkarte, erakunde, proiektu, eta abarren artean. Hain zuzen ere, desberdinen arteko batura da une honetan Debagoiena Entzuten Lankidetza Sarea. Hori lortzeko bidean, lanean dihardute Fagor, Gizabidea, ALC, Emun, Mondragon Unibertsitatea, Saiolan eta Goiena erakundeek. 

EIT Climate-KIC 

EIT Climate-KIC klima aldaketara eta berrikuntzara bideratutako Europar Batasuneko Berrikuntza eta Ezagutza Komunitatea da, eta, atzo eta gaur, ibarrean daude.

Taldeak klima aldaketaren aurrean gizartean dituen erronkak erantzutea du helburu. Zero emisioko ekonomia baterantz bideak zabaltzeko lan egitea, besteak beste.

Europako Teknologia Institutuaren laguntzarekin, EIT Climate-KIC erakundeak berotze globalari eta aldaketa klimatikoari aurre egin diezaioketen proiektu berritzaileak identifikatu eta bultzatzen ditu

EIT Climate - KIC erakundeko eta Debagoiena Entzuten Lankidetza Sareko ordezkariak, atzo, Fagor Arrasaten.

Erakundeak eskualdea bisitatzearen garrantzia azpimarratu du Agirre Lehendakaria Centerko komunikazio eta esku-hartze arduradun Itziar Morenok, eta arrazoia honako hau izan dela gaineratu: "Eskualdean sortzen ari garen plataformaren metodologiak eta prozedurak Climate-KIC erakundeko arduradunentzat deigarri izan dira, irailean lantaldeko Giulio Quaggiotto Arrasaten egon zenetik".

Morenok gaineratu du, ordea, beraien ustez interesa azaldu izanaren arrazoi nagusia "laborategi" logika dela: "Plataformak gauza berriak sortzeko eta testatzeko espazio eta ekosistema bat eskaintzen digu, eta, txikikeria iruditu arren, berritzaile izateko baimen hori ez da leku guztietan aurkitzen". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak