Areto futboleko derbiko puntuak, Eskoriatzarentzako

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko urt. 12a, 20:35

Partidu bereziak eta gustukoak izaten dira derbiak, eta halaxe izan da gaur, zapatua Euskal Ligan diharduten Eskoriatzak eta Aretxabaletak Manuel Muñoz kiroldegian jokatu dutena. Harmailak lepo beteta, etxean geratu dira puntuak, Eskoriatzak 4-2 irabazita.

Eskoriatzakoak aurretik jarri dira markagailuan eta 2-0-ko emaitzarekin heldu dira atsedenaldira. Bigarren zatia, parekatuagoa izan da, UDA-k gola sartu du, eta berdinketaren bila joan da atezaina jokalari moduan jarrita. Eskoriatzarrek, baina, gogor egin diete eta atezain bariko uneak aprobetxatuta, beste bi gol sartu dituzte; hori horrela, partidu amaierako markagailuko emaitza, 4-2  izan da.  

Kantxa barruan, lagun gutxi

Elkarren ezagunak edo lagunak dira bi taldetako jokalariak baina Eskoriatzako kapitain Aratz Kortazarrek adierazi moduan, kalean lagunago dira kantxan baino. "Tentsio handiko partiduak izaten dira, eta kalean gura duzuna, baina kantxa barruan ez dago lagunik, eta bakoitza berera gogor eta bukatutakoan eskua eman eta listo!".

Bide beretik erantzun du UDA taldeko Iker Barandik: "Partidu hauek, derbiak, zailak izaten dira; ondo joan da baina galtzea egokitu zaigu. Lehengo zatian lo samar atera gara, eta saiatu gara buelta ematen, bukaerako minutuetan bereziki, baina ez dugu lortu". Zera gaineratu du Eskoriatzako Kortazarrek: "Pozik gaude, derbia, eta gainera, etxean, irabazita. Derbiak gogorrak izaten dira beti, eta detailetan geratzen diren partiduak dira. Garaipen honek asko lagunduko digu goiko postuetan mantentzen jarraitzeko. Eskerrik asko harmailetan animatzen egon direnei!. Eskerrik asko, era berean, Eskola Kirolean nirekin jardun duten haur eta gurasoei partiduaren aurretik egin didaten omenalditxoagatik".

Gaurkoa eginda Aretxabaletakoek ez dute lortu Eskoriatzaren puntuak berdintzea (partiduaren aurretik bi puntu gutxiago zituzten); hortaz, laugarren postuan da orain sailkapenean (21 puntu), eta UDA, zazpigarrenean, 16 punturekin.

Mondratek ere, etxean irabazi

Tolosala taldearen aurkako norgehiagoka 4-3ko emaitzarekin irabazi dute arrasatearrek; hori horrela, sailkapenean bigarren poistuan daude, 22 punturekin, Gernikako Lagunak taldearen atzetik.

 

Erlazionatuak

Areto futbol derbia argazkitan

Imanol Beloki Unamuno 2019 urt 13 Aretxabaleta   Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak