Ramon Azkarate: "Espainiako Futbol Federazioa da ofizialtasuna lortzeko oztopo nagusia"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko abe. 14a, 17:00

Euskadiko Futbol Federazioak eguaztenean batzarrean onartu du FIFAn eta UEFAn sartzeko eskaria egitea.

Etorkizunean nazioartean partidu ofizialak jokatu ahal izateko bide "zaila" hasi da. Mondragon Futbol Elkarteko presidenteorde Ramon Azkarate da Durangoko batzarrean egon zenetako bat.

Atzoko botazioaren ostean, bide zaila hasten da orain?
Duela urtebete hasi genuen bidea. San Mamesko azkeneko partiduak utzi zigun zapore mingotsarekin, estrategia berria abiatzea erabaki genuen. Lurraldez lurralde eta legearen ikuspegitik, ofizialtasuna eskatzeko zer egin behar den, ze ondorio izan dezakeen… azaltzen aritu ginen, lege aholkulariekin batera. Atzoko batzar orokorrak beste mugarri bat ezarri zuen. Orain hasten da zailena, bai. Beste kirol federazio batzuek egindako bide bera egin behar du futbolak.

Eta orain?
Eskaera ofiziala egingo diogu, lehenbizi, Espainiako Futbol Federazioari, haren mendean gaudenez eta Euskadi herri independentea ez denez, horrela eskatzen dutelako UEFAk eta FIFAk. Horrekin batera, aipatutako Europako eta Munduko futbol federazioei ere egin beharko diegu eskaera. 

Nola amai daiteke?
Ez da epe motzean erabakiko. Ezezkoa jasoz gero, beste bide edo erakunde batzuetatik joko dugu. Zaila da, baina itxaropenik badut. Orain, urrats hauek ezinbestekoak dira helburua lortzeko.

Zein da oztopo nagusia?
Espainiako Futbol Federazioa. Honek baietz esango balu, UEFAk eta FIFAk ere baietza emango lukete. 

Espainiako Futbol Federazioaren aldetik errepresaliak etor daitezke?
Halakorik gerta liteke, ezin ukatu. Baina, esaterako, diru-laguntzetan murrizketak izatea zail ikusten dut. Halakorik gertatuko balitz eta euskal futbol klubetara diru gutxiago etorriko balitz, Eusko Jaurlaritzak ere zerbait esan beharko luke, eta galera hori konpontzen lagundu. 

Zergatik hartzen da erabaki hau orain eta ez, esaterako, Angel Maria Villar edo Juan Luis Larrea Espainiako Futbol Federazioko presidente zirenean?
Ez dakit, ni berria naiz-eta Euskadiko Futbol Federazioan. Dena den, Juan Luis Larreak jarraituko balu Espainiako Futbol Federazioan, ziur nago gure helburu hauetan gehiago lagunduko ligukeela egungo presidente Luis Rubialesek baino.

Euskal futbolaren aurkako kanpaina mediatikorik espero duzue?
Esango nuke hemengo hedabideek, oro har, pozik hartu dutela berria. Espainian, pentsa genezake saiatuko direla endredatzen eta euskal futbola abertzaletasunarekin-eta nahasten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak