Bailarara batzeko bidea, pauso handiak ematen

Imanol Beloki Unamuno 2018ko abe. 5a, 11:21
Gatz Bidien dagoen seinaleztapena, Gatz Fabrikako identifikatzailearekin.

Leintz Gatzaga Eskoriatzarekin eta, horrekin batera, bailararekin lotzeko, Gatz Bidie proiektuarekin buru-belarri ari dira hainbat herritar. Hori horrela, bide horretako 4.300 metroko zatia egokitu beharraren garrantzia azpimarratu dute.

Leintz Gatzaga bizirik mantendu eta Debagoienera gerturatzea izan da Gatz Bidie ekimenaren hasierako helburuetako bat; mugikortasunaren bitartez, herria bailara lotzea, hain zuzen. Edozelan ere, "lehenengo hausnarketaren ondorioz, kirola, ekologia, mugikortasuna, jasangarritasuna, turismoa eta, nola ez, baserri mundua edo lehen sektoreko bizitza herri handiagoetara hurbiltzearen helburua ere betetzen du aurkezten dugun proiektu honek", adierazi du Lore Diaz de Gereñuk, Gatz Bidie proiektuko kideetako batek. "Gure arbasoek eguneroko bizitzan erabili izan duten bide bat errekuperatu eta egokituaz, gaur egun, Gatzaga eta Eskoriatza lotuko dituen bidea berreskuratzea da amets gisa hasi eta proiektu bilakatu den betebeharra: herri ekimen gisa hasi den ilusio honen izena Gatz Bidie da eta Leintz lotzen da leloa".

Mugikortasun bizkarrezurra

Gatzaga da bailararen mugikortasunaren bizkarrezur den bidegorritik kanpo dagoen herri bakarra. Errekak eta errepideak baino ez ditu lotzen bost kilometro exkaxetara dauden Gatzaga eta Eskoriatza. Autoa ezinbestekoa da Gatzagan hazi eta bizitzeko. Egoera horrek dakartzan arazo eta mugei aurre egiteko, herriko taldetxo bat hausnarketa-lan baten hasi zen eta berehala ikusi zuen badagoela, lehenago gurdiak mugitzeko eta baserritarrek oinez ibiltzeko erabiltzen zuten bide bat egokituta, oinez zein bizikletan bi herri hauek eta era horretan bailara modu jasangarrian lotzeko aukera –azken urteotan erabili ez den arren–.

Duela hiru urte, Eskolore trenbide PR-100 bezala markatu zen bidea, eta erabilgarri izateko egokitzapenak beharrezkoak direla adierazi dute ekimeneko kideek. "4.300 metro besterik ez da bailaratik at uzten gaituen zatia. Zati hori egokitu beharrean gaude, gazte, ume, heldu eta nagusiek oinez, bizikletaz zein korrika Gatzaga bailararekin lotzen duen zatia egiteko aukera izan dezaten. Egunerokotasunean gaur egun bailarako bizkarrezurra den ibilbide horrekin konektatua egoteko", adierazi du Diaz de Gereñuk.

Bidearen erabilpenak, gora

Bideak duen egoeragatik, eroritako zubien pasabideak ekiditeko, tokatzen ez den tokietatik joan beharra dago, asun eta narrez betetako pasabideak daude… eta, gaur egun, jende gutxik erabiltzen du. "Dena den, bidea ezagutzera ematen hasi garenetik, bailarako ume taldeak, bidea ezagutu nahi dutenak, eta abar pasatzen hasi dira. Planteatzen denaren balorazioa egiteko orduan, denok datoz bat egingarri den zerbait dela, eta, are gehiago, egin beharreko zerbait dela".

Egindako prozesua

Herri ekimen gisa hasi zen hausnarketa, 2017ko azaroan. Hiru emakumek hasi zuten, ilusioz, bidearen lanketa –Lore Diaz de Gereñu, Rosa Lasagabaster eta Dorleta Elkorobarrutia–, eta honako hauek egin dituzte ordutik: lur-jabeekin egon beraien onarpena eta iradokizunak jasotzeko, egin nahi denaren ideia herritarrei zabaldu, proiektu bilakatu, ezagutzera emateko bideo bat egin, eragileen artean ezagutzera eman, Puntaik Punta ekimenerako tramua egin, eta bailarako ikastetxeetara proiektua zabaldu, besteak beste.

Orain, auzolanean hainbat lan egin badituzte ere, epe motzerako lan batzuk aurreikusten dituzte, eta, horiek aurrera eramateko, Gatzagako eta Eskoriatzako udaletara jo dute laguntza eske.

Etorkizunari begira

Gatzagan bizi eta lanean dabiltzan %99k herritik kanpo lan egiten dute eta 6 urtetik gorako umeentzat ez dago herrian ikasteko eta, are gutxiago, eskolaz kanpokorik burutzeko aukerarik. Bide honek autonomia emango liekeela adierazi du Diaz de Gereñuk: "Autoek eragiten duen menpekotasunak gure adin txikikoak konfiantzaren pedagogia horretan hezteko aukera gutxi ematen du gaur egun. Horregatik guztiagatik, argi daukagu ume, gazte, familia, heldu zein behar bereziak dituztenek erabiliko duten bidea izango dela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak