Etorkizuneko erronkak, idazlan batean jasota

Eneko Azurmendi 2018ko aza. 30a, 16:19
Oñatiko plazan soka dantza egin zuten unea.

Liburu Zuriaren oinarriak aurkeztu ditu Eusko Ikaskuntzak Oñatin; etorkizunari begira egindako hainbat proposamen, hain zuzen. Euskal Hirigune Elgargoaren, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko Euskal Herri mailako telebistaren sorrera izan da erakundearen proposamen esanguratsuena.

XVIII. Kongresua Oñatin borobildu zuen asteburuan Eusko Ikaskuntzak, eta Liburu Zuriaren oinarriak aurkeztu zituen, "Euskal Herriaren etorkizuna hobetzen" lagunduko dutenak.

Eusko Ikaskuntza ez da organo exekutibo bat, erabakiguneetan daudenei proposamenak egiteaz arduratzen den erakundea da. "Eusko Ikaskuntzak beharrezko izaten jarraitzen du, epe luzerako norabidea markatzeko, erakundeetan eta erabakiguneetan ez dagoelako epe luzeko begirada eta begirada estrategikoa lantzeko ardurarik. Erakundeek lau urteka funtzionatzen dute, baita alderdien logikak ere", dio Mikel Irizarrek, kongresuko euskararen talde eragileko kideetako batek.

Hain zuzen, epe luzeko begirada horri lotuta daude Liburu Zurian jasotzen diren oinarriak. 44 orrialde ditu eta hainbat lan-lerro finkatzen dituzte.

Komunikabideak

Kohesio sozialaren lan-ildoaren baitan, azpimarratzekoa izan da komunikabideen gaia. Hainbat joera ezkor zehazten dira dokumentuan. Horietako bat da esparru komunikatiboak, neurri handi batean, estatuek markatzen dituztela. "Euskal Herria ez da, gaur-gaurkoz, komunikaziozko herria. Masa komunikazio egitura sendoenak, alde handiarekin, Espainia edo Frantzia mailakoak dira. Eta horri, komunikazioaren globalizazioak ekarritako uholdea gehitu behar zaio. Euskal Herriko komunikabideei dagokienez, gutxi dira Euskal Herriko zazpi herrialdetara zabaltzen direnak edota Euskal Herria erreferente gisa dutenak; hortaz, bertakoek islatzen duten irudia, orobat, zatiketa autonomikotik datorrena da, oso aukera gutxitan agertuz zazpi lurraldeetako errealitatea", dio dokumentuak.

Horri aurre egiteko, "premiazkoa" da Euskal Herrirako Komunikazio Plan Estrategiko bat adostu eta abian jartzea. "Beste sektore batzuetan jadanik egin den bezala –industrian edo zientzian, esaterako–, komunikazioa arlo estrategikotzat definitu eta hurrengo urteetarako helburuak, ekintzak, baliabideak eta ebaluazioak ezarri behar dira. Plan horrek ahalik eta eragile gehienen artean adostua behar du izan", azaldu dute.

Horren baitan, Euskal Informazio Agentzia bat hartu dute komunikazio sistema indartu, espazioa propioa sendotu eta puntu mankomuna eragiteko bide garrantzitsuenetakotzat, eta, "euskal lurraldeen kohesioaren bidean, Euskal Herri mailako telebistaren sorrera" proposatzen dute, "hiru egitura administratiboren artekoa –Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza–". Irizarren esanetan, kongresu horrek egin duen azpimarra garrantzitsuena izan da azken hau. "Eusko Ikaskuntzak, bere sorrerari eta izaerari erantzunez, Euskal Herrian eta proiektu bateratuan jarri du fokua. Proiektu horren zutabe garrantzitsuena izango litzateke telebista".

Euskara erdigunean

Euskal komunikazio sistema horretan euskara zentralitatera eraman beharra da beste puntuetako bat. "Euskara izango da, etorkizunari begira, euskal komunikazio espazio propio eta amankomuna eraikitzeko euskarri nagusia. Horretarako, ezinbestekoa da gure hizkuntza historikoa komunikazioaren zentralitatera eramatea, oraingo errealitatea ahaztu gabe, baina gertatzen ari diren aldaketa soziolinguistikoak gogoan izanik". Horrez gain, jadanik euskaraz aritzen diren komunikabideak indartzeko politikak garatu behar direla azpimarratu dute, baita horien arteko elkarlana bultzatu behar dela ere. Bestalde, euskara gutxi edota batere erabiltzen ez duten komunikabideak hizkuntzara erakartzeko politikak ezarri beharraz ere hitz egiten dute. Azkenik, "komunikazio politikak hezkuntza politikarekin adostu beharra dago, komunikabideen bitartez eskolak abiatutako euskalduntze politikari osagarritasuna eta jarraikortasuna emanez. Betiere, euskaldundu berriak euskaraz sozializatzen laguntzeko helburuarekin".

Horiek izan ziren, Irizarren esanetan, euskararekin lotutako beste ideia batzuk: "Identitate partekatu bat eraikitzea euskararen eta euskal kulturaren bueltan; komunikabide sistema bat eraiki beharra; lankidetzaren garrantzia –erakundeetan inoiz ez bezalako politika aktiboak daude euskararen alde, eta hortik estrategia bateratu bat atera behar da, euskararen herria eraiki–; lankidetza publiko soziala –parez pare jartzea erakunde publikoak, gizarte eragileak eta gizartea, eta euskararen alde lan egitea, Euskaraldian egiten ari garen moduan–".

Hiru lehendakariek Eusko Ikaskuntzaren adierazpena onartu dute. "Hori oinarri bat da lanean jarraitzeko, baina orain, erabaki egin beharko dute hau guztiau gauzatu daitekeen, nola eta zein epetan", dio Irizarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak